Sentsibilizazio kanpaina bat egingo du Osakidetzak pazienteek eta senideek behar adina informazio eduki dezaten, eta «lankidetza aktiboa» bultzatuko du, «osasun arretari lotutako ekinbideetan gerta daitezkeen segurtasun okerrak hautemateko».
Pazienteak «okerrik gabe» identifikatzeko modua ere aldatuko du. Orain arteko eskumuturreko identifikatzaileez gain, aplikazio informatikoa ere erabiltzen dute ospitaleetan iaztik. Ospitaleratuta ez egon arren, Osakidetzako arreta guneren batean dauden pazienteak ere identifikatuta edukiko dituzte aurrerantzean.
Kirurgia seguruarekin, sendagaiak ematearekin, erizaintzako zainketekin eta erorikoen prebentzioarekin lotutako jardunbide egokiak aplikatzea ere aurreikusi du Osakidetzak. Infekzioei aurre egiteko eta kontrolatzeko planak ere egingo ditu. Urte amaierarako neurri denak martxan egongo dira, 11 guztira.