Burlatako (Nafarroa) Ebro tailerrean antzeman dute negua heldu dela. Hala ere, oraindik lan handia izanen dutela uste du Felix Gamio hangoko mekanikariak. «Aste honetan hasi dugu denboraldia, eguraldi txarra hastearekin, baina jende askok itxaroten du elurra egin arte». Gurpilak aldatzea izaten da gehien hartzen den neurrietako bat. Negukoak zakarragoak dira, eta hobeki eusten diote errepideari, izotzik, elurrik edo euririk balego ere irristatzea zailtzeko.
Ez da hori, baina, autoen erabiltzaileek egiten duten bakarra. Autoko motelgailuak aldatzen dituzte askok, ongi ez badaude, bihurgune batean edo salto txiki batean gurpilak edo autoa bera bota daitekeelako. «Motelgailuak izorratzen direnean, autoak salto gehiago egiten du, malguki baten gisan, erraz mugitzen da; orduan, salto batean, eskuinera edo ezkerretara mugi liteke erraz, eta kontrola gal lezake». Izotzaren aurkako produktua ere afera garrantzitsua da negurako. Motorra, izoztu, eta barrutik herdoildu egin liteke. «Bezero gehienei esaten diegu inportantea dela izotzaren aurkako produktua; bestela, herdoildu egiten da. Olioaren zirkuitutik pasatzen da urarenera, eta, orduan, arazo handiak izaten dira».
Balazta plakak ere negu partean aldatzen dira, bereziki. Haiek duten produktua gogortu egiten da hotzarekin; orduan, gutxiago gelditzen du autoa edo diskoa askoz ere gehiago desgastatzen da. Horrekin batera, beira garbigailuaren gomak negu partean aldatzen dira usu. Hotz handiagoa eta euri gehiago egiten du neguan, eta goma horiek ongi izatea komeni da, autoaren gidariak errepidea ongi ikusteko, eta istripuak saihesteko. Horrekin batera, bateria ongi dagoela ziurtatzea komeni da negua ailegatzerako.
Autoa egokitzen dutenen artean, gehiago izaten dira herrietakoak hirikoak baino. Hala ere, guziei komeni zaie autoa ongi izatea, Gamioren ustez. «Iruñean, elurra egiten du. Ni Iruritakoa naiz, eta, Iruñera etortzean, bide guzian ez dut problemarik izaten, eta, justu Burlatan, izugarrizko problemak, ez dutelako tailerrean sartzeko bidea garbitzen». Herrietakoek ez ezik, hirian ibili arren, ibilgailua asko erabiltzen dutenek ere neurriak hartzen dituzte. «Banatzaile asko etortzen dira. Horiek gehiago aldatzen dituzte gurpilak», azaldu du mekanikariak.
Taxi gidariek ere hala egiten dute. Hala ere, bakoitzak bere beharren arabera egiten ditu egokitzapenak, ez dago zehazturik zein neurri hartu behar diren. «Norberaren aukera bada ere, gehienok gurpilak aldatzen ditugu: edo aurreko biak edo laurak», esan du Jesus Cerdan Teletaxi enpresako lehendakariak. Are, badira urte osoan neguko gurpilak erabiltzen dituzten taxi gidariak ere. «Euriarentzat hobeak dira, ura hobeki zabaltzen dutelako, eta, prezio aldetik ez dagoenez alde handirik, uste dut jende askok urte osoan dituela». Azaldu du, gurpilak aldatzearekin batera, garrantzitsua dela autoan izotzaren aurkako produktu indartsu bat sartzea ere.
Elurretako gurpilak urte osoan erabiltzeak alde onak eta txarrak ditu. Adibidez, elurretarako gurpilak udan gehiago heltzen dio errepideari; beraz, pixka bat gehiago kontsumitzen du, baita pixka bat gehiago desgastatu ere. Bestalde, euri zaparrada botatzen badu, gurpil arruntek baino hobeki ateratzen dute ura. «Beraz, aukera txikiagoa dago akuaplaning egiteko, baina 10-15 euro gehiago balio dute, eta %10-15 gutxiago irauten dute», azaldu du Cerdanek. Adibidez, Iruñeko autobus publikoek gurpil mistoak erabiltzen dituzte, aldatzen ibili behar ez izateko.
Teletaxiko lehendakariak ohartarazi du hirietan kaosa izaten dela elurra egiten duenean. Iruñeko kasua aipatu du, hobekien ezagutzen duena: «Sarbideak aldapan daude, eta, ez baduzu autoa prest… edo agian zuk prest duzu baina aurrekoak ez badu, irristatu egiten da, ezin da igo, eta kristorena sortzen da. Finlandian bageunde, denek eramanen genituzke izotzetarako gurpilak, baita iltzedunak ere, baina hemen urtean lauzpabost aldiz bakarrik egiten duenez elurra…». Hala ere, hirietan bizi diren gidari askok gurpilak aldatzen dituzte.
Mendialdean, halabeharrez
Mendi aldean bizi direnak dira negua ailegatu aurretik autoa prestatu behar dela ahanzten ez dutenak. Zer esanik ez Pirinioetako biztanleen kasuan. Nere Ubau orbaizetarra da, nafarra, eta bere ibilgailua negurako prestatzea ezinbesteko du. «Neguko gurpilek hobeki heltzen diote errepideari, eta gutxiago irristatzen dira. Gurpil onak baldin badituzu, lasaiago ibiltzen zara errepidean». Gurpilak jarrita ditu orbaizetarrak, eta eskerrak. «Eskerrak aldatu nituela, joan den astean lehen elurtea izan genuelako. Ez zait batere gustatzen elur artean ibiltzea». Azarorako aldatu egiten ditu beti. Hala ere, kontatu du elurra egiten duenean herriko sarreran utzi ohi dutela autoa, herria maldan dagoelako, eta etxera oinez igotzen dira.
Ez da soilik gurpil kontua, ordea. Kateak ere erabiltzen ditu Ubauk, baina aspaldi utzi zituen burdinazkoak, eta orain oihalezkoak erabiltzen ditu. «Aldaparen bat ezin baduzu igo, edo elurra kentzeko makina ez bada pasatu, halakoak behar dira. Ez dituzte denek eramaten; baina herriko aldapak igotzeko, hobe da horrelako zerbait izatea badaezpada ere». Orain, halakoxe kateak saltzen dira gehien, oihalezkoak. Gamiok esan duenez, besteak baztertu egin dituzte erosleek. Erosotasuna izan daiteke arrazoi nagusia. Orbaizeta, eta inguruetan bizi direnek neurri gehiago hartzen dituzte. Ubauk bai, behinik behin. Autoko maletategian pala bat sartzen du, elur artean ezin mugitu geratuz gero ere aterabide bat izateko. Izotzaren aurkako produktu bat botatzea ere ez du inoiz ere ahanzten.
Orbaizetarraren aburuz, garrantzitsua da autoa negurako egokitzea. Noizbait gertatu izan zaio malda batean ezin igo geratzea, eta ikusi autoa prest zutenak nola igotzen ziren aldamenetik. Baina ondorioak larriagoak ere izan daitezke: «Egia esan, gehienok izan dugu istripuren bat. Nik behin izan nuen, nahiz eta elurretarako gurpilak izan».
Bizikletekin ere, komeni
Lau gurpileko ibilgailuak ez ezik, bi gurpilekoak egokitzea ere komeni izaten da. Gasteizko Txirrinduz dendan ez dute aldatzen gurpil askorik neguaren aurretik, baina bada lana ematen dien beste afera bat: lohitarakoak. «Abendu partean gehien jartzen dugun osagarria da lohitarakoa, euriarekin ez bustitzeko eta», esan du David Calvo dendako mekanikariak. Balaztak ongi izatea, edota zapatak aldatzea komenigarria dela azaldu du. Hirian ibiltzen direnek hartzen dituzte horrelako neurriak. «Negu partean euria egiten duenez, eta zoruak ez duenez hainbeste hartzen, horrela erresistentzia hobea izango duzu lurzoruarekin».
Ezberdina da mendian ibiltzen diren txirrindularien kasua. Horiek bai, horiek estalkiak aldatzen dituzte negurako: neguko gurpiletan takoak handiagoak dira, eta takoen arteko distantzia handiagoa, lokatza edo dena delakoa hobeki igarotzeko. Horrelakoetan garestiagoa izan daiteke, norberak nahi dituen gurpilen arabera, 30-40 euro balio dezake bakoitzak. Hirian ibiltzen direnek, ez dute sakelan hainbeste antzematen negua heldu dela. Lohitarakoak paratzeak 20 euro edo gutxiago balio du.
Prezioa gorabehera, komeni da nork bere ibilgailua ongi prestatua izatea; eta, neguan, kontu handiagoa izan beharra dago, galtzadak eta errepideak makurrago egon ohi direlako. Hobeki aldez aurretik neurriak hartzea eta gurpilak lurrean izatea.