Gomendio garrantzitsuena honakoa da: bidai bat egin behar dugunean gure ibilgailua baldintza egokietan dagoela ziurtatu behar dugu. Horretarako, hozte-sistema begiratu behar dugu, baita izotz-kontrakoaren maila, olioa eta direkzioaren likidoa eta, batez ere, sarritan ahaztu egiten bada ere, pneumatikoak bidaiari ekiteko egoera egokian daudela ziurtatu behar dugu.
Dena ondo badago, prest gaude gure oporraldia hasteko. Lehenengo pausoa egina dago, baina errepidea ez da toki segurua. Gidatzerakoan lasai-lasai bagoaz ere, beti dago, txikia bada ere, arrisku maila bat. Errepidean ezustekoak edozein unetan etor daitezke, beste kotxe batek akatsa egin duelako edo ekaitz arriskutsu bat datorrelako.
Horregatik, ezinbestekoa da segurtasun uhala erabiltzea, batez ere neguan, kotxeak errazago labaindu daitezkeelako. Arrazoi beragatik, komeni da gozoki gidatzea, bolantea modu zakarrean biratu gabe, eta balazta ez erabiltzea kotxea ezegonkortuta baldin badago. Kasu horretan, ibilgailua zuzentzen saiatuko gara bolantea eskerrera eta eskuinera biratuz, gure ibilgailua gelditu arte balaztaren laguntzarik gabe.
Neguarekin batera errepideak izoztu eta elurra agertzen da nonahi. Zentzu honetan, neguko kate eta pneumatikoak ezinbestekoak dira gure ibilgailuan. Are gehiago eski zaleak edo mendiaren zale amorratuak baldin bagara. Kasu hauetan lainotako argiak ere oso garrantzitsuak dira. Azken finean, gidatzen ari garenean elurra agertzen bada, lortu beharreko lehenengo gauza beste gidariek gu ikustea da. Hori lortu eta gero, gureari begira jarri gaitezke, adibidez, gure ibilgailua geldituz eta kateak jarriz.
Esandako guztiak ere gidatzen dugun ibilgailuaren menpe dago. Lur orotako ibilgailu batean baldin bagaude, funtsezkoena ibi eta antzerakoetan ez sartzea da. Lur orotako ibilgailu batean, beti gidatu martxa laburrekin, gozoki eta aurre hartuz, balazten ABS sistema gure etsairik handiena bihur baitaiteke.
Beste kontu bat da motozikleta bat gidatzen badugu, egonkortasuna eta segurtasuna askoz txikiagoa baita. Kasu horretan, ezinbestekoa da botak, eskularruak eta tenperatura baxuei aurre egiteko arropa gogorra erabiltzea, kasko, argi eta kolore bizietako arropekin batera.
Beraz, gidatzen dugun ibilgailuaren eta egokitzen zaigun meteorologiaren arabera, gomendio batzuk ala besteak hartuko ditugu kontuan. Hori bai, errepidera irten aurretik ibilgailua txekeatuz.