Gidabaimena berritzea: Abortua arautzen duen dekretua aurkeztu du Nafarroako Gobernuak

Gidabaimena berritzea: Abortua arautzen duen dekretua aurkeztu du Nafarroako Gobernuak

Abortua arautzen duen dekretua aurkeztu du Nafarroako Gobernuak

Sexu eta Ugaltze Osasunari buruzko Foru Dekretua indarrean jarriko dute datozen egunetan. “Urrats garrantzitsua” dela nabarmendu dute Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerrako ordezkariek.
Fernando Dominguez Osasun kontseilariaren esanetan, sare publikoan abortatzeko aukera bermatzeaz gainera, arau berriak “politika berri bat ezarriko du”, besteak beste, sexu heziketaren eta transexualitatearekiko arretaren esparruetan. “Abortuari buruzko dekretu soila baino askoz gehiago da honako hau”.Dekretuaren zirriborroa ikusgai egon da orain arte Nafarroako Gobernuaren webgune irekian, baina ekarpen guztiak aztertu ostean, behin betiko bertsioa da gaur eguerdian aurkeztu dutena. “346 zuzenketa egin dizkiogu testuari, araua hobetze aldera”, azaldu du Osasunbideko zuzendari nagusi Luis Gabilondok.

Osasunbideko arduradunekin batera hedabideen aitzinean azaldu dira gobernuari babesa ematen dioten lau indar politikoetako ordezkariak ere: Koldo Martinez (Geroa Bai), Bakartxo Ruiz (EH Bildu), Tere Saez (Ahal Dugu) eta Marisa de Simon (Ezkerra). Poza agertu dute guztiek ala guztiek. “Bazen garaia emakumeen eskubideak bermatuko dituen dekretu bat aplikatzen hasteko”, laburbildu du Ruizek.

Izan ere, abortuaz gaindiko gaiak ere ukitzen ditu Foru Dekretuak: besteak beste, ugalketa lagundua bermatuko diete sexu bereko bikoteei eta bikotekiderik gabeko emakumeei; sexu heziketaren eta arretaren esparrua hobetze aldera, Ugaltze eta Sexu Osasun Zentroen sarea indartuko dute; eta transexualen eskubideak bermatzeko neurriak hartuko dituzte, “arreta integrala” eskainita.

Aholkularitza zerbitzua

Nafarroako talde feministen aspaldiko aldarrikapena da Emakumeen Arretarako Zentroen filosofia aldatzea, eta, dirudienez, norabide horretan doaz Osasunbideak proposatutako aldaketak. Izan ere, garai batean sexu heziketarako eta familia planifikaziorako zentro zirenak (COFES) kamustu egin zituen UPNren gobernuak, emakumeen arretarako gune bihurtuta. Erabaki horren ondorioz, haurdunaldiaren ardura guztia emakumeen bizkar uzten zela salatu izan dute abortatzeko eskubidearen aldeko taldeek behin baino gehiagotan.
Azken urteetan falta izan den ikuspegi “integral” hori aplikatu nahi du Osasun Departamentuak dekretu berriarekin. Hala, Emakumeen Arretarako Zentroei izen berria eman diete: Ugaltze eta Sexu Osasun Zentroak. Izenaz gainera, ordea, izana ere berrituko dute, andreentzat ez ezik, sexu guztientzat zabalik izanen baitira.
Osasunbidearen arabera, honako zerbitzuak eskainiko dira zentro horietan: sexu aholkularitza eta heziketa, familia planifikazioa, haurdunaldiari eta erditzeari lotutako arreta, artatze ginekologikoa, minbizi ginekologikoen detekzio goiztiarra, gazteentzako programak, arrisku taldeentzako —eta bereziki prostitutentzako— lan plangintzak, abortu farmakologikoa, eta lagundutako ugaltzeari lotutako diagnostikoa eta tratamendua.

Haurdunaldiaren etetea

Foru dekretua indarrean jartzen den unetik beretik (Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera), Iruñeko bi zentrotan eskainiko dute abortu farmakologikoa: Iturraman eta Txantrean. Sei hilabeteko epean, ordea, Nafarroako Ugaltze eta Sexu Osasun Zentroen sare osora hedatu nahi dute eskaintza, era progresiboan.
Bestalde, haurdunaren nahiz fetuaren osasun arrazoiak direla medio, abortuak ebakuntza bidez egin behar badira, Nafarroako ospitaleen sare publikoan eginen dira. Foru dekretua indarrean jartzen den egunetik beretik egin ahal izanen dira abortu kirurgiko horiek. Neurri horrek, urtean 125.000 euro aurreztu araziko dizkio Nafarroako Gobernuari, orain arte, 600.000 euro ordaintzen baitzituen Osasunbideak, abortuak kanpora bidalita.

Kontzientzia eragozpena

Orain arte, Nafarroako mediku guztien ustezko kontzientzia eragozpena izan da UPNk jarritako aitzakia, abortatzeko eskubidea urratzen segitzeko. Sexu eta Ugaltze Osasunari buruzko Foru Dekretuan aintzat hartzen da kontzientzia eragozpena, baina Dominguez kontseilariak argi utzi du horrek ezin duela “inolaz ere” emakumeen eskubidea azpiratu. Hortaz, kontzientzia eragozleen zerrendan izena eman beharko dute aborturik egin nahi ez duten medikuek, eta, hori kontuan izanda, egin beharreko aldaketak eginen ditu Osasunbideak.
Kontzientzia eragozleen zerrenda UPNren gobernuak ezarri zuen, 16/2010 foru aginduaren bitartez. Indarrean egon den bost urteotan, hiru medikuk soilik eman dute izena.

Ugalketa lagundua

Laguntza bidezko ugalketaren esparruan ere aldaketak ezartzen ditu foru dekretuak. Orain arteko zerbitzuak bermatzeaz gainera, horiek guztiak sexu bereko bikoteei eta bikotekiderik gabeko emakumeei ere zabalduko zaizkie.
Deigarria da, batez ere, intseminazio artifizialari eskainitako puntua. Orain arte, gizonezko bikotekiderik ez zuten emakumeek medikuaren agiri bat behar zuten tratamendua jasotzeko. Hemendik aurrera, ordea, aukera izanen dute xiringa bidez intseminatzeko, aurretik medikuaren oniritzia jaso behar izan gabe.

Transexualen eskubideak

Nafarroako Legebiltzarrak duela zazpi urte onartutako 12/2009 Foru Legea benetan aplikatzeko aukera ere bada Osasunbidearen dekretu berria. Genero identitatean oinarria duen bazterketa oro debekatzen du lege horrek, eta bereziki, pertsona transexualen eskubideak aitortzen ditu esplizituki. Eskubide horiek bermatze aldera, “beharrezkoak diren baliabide eta tratamendu guztiak” eskainiko dizkie Osasun Departamentuak transexualei, sistema publikoaren barruan.
Agirian zehazten denez, “arreta integrala” eskaini nahi diete transexualei, eta horretarako, bi multzotan sailkatu dituzte bermatu beharreko zerbitzuak: batetik, diagnostikoari eta tratamendu medikoari dagozkionak; eta bestetik, arreta psikologikoarekin lotura dutenak. Lehen multzoan daude, besteak beste, hormona bidezko terapiak, bularreko edo enborreko kirurgia plastikoa, eta sexua aldatzeko ebakuntza genitalak. Bigarren mailan, berriz, arreta psikologikoa, psikoterapeutikoa eta sexologikoa.

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies