Gidabaimena berritzea: Autoaren kontrola ez dago eskuetan

Gidabaimena berritzea: Autoaren kontrola ez dago eskuetan

Gidatze-simulagailu bat jarri dute EHUko Carlos Santamaria zentroan, autoaren gurpilen garrantziaz ohartarazteko.

Eskerrak simugailua den EHUko Carlos Santamaria zentroaren atzealdean aparkatua dagoen Minia, minutu gutxian asko izan baitira jasan dituen istripuak.

Michelin etxeak prestatu duen gidatze-simulagailua aste osoan egongo da Gipuzkoako Campusean. Bertaratzen denak bi egoera erreal sentitzeko aukera izango du. Autoan sartu, segurtasun uhala lotu, azeleragailuari zapaldu eta bidaiari ekin. Bi ibilbide hartu daitezke; bata autobidean barrena eta bestea, herriko errepide kurbatsua. Egoerak errealak dira, eta gidariak hainbat ustekaberi egiten die aurre. Zama astuneko kamioi motel bat autobidean, basurde batzuk errepidea zeharkatzen, errepide erditik bizikletan doan gazte bat, bihurgune itxiak edo zuloz beteriko gunea, besteak beste.

Gidariaren trebetasunaz gain, simulagailuak agerian uzten du autoaren erreakzioa gurpilen egoeraren araberakoa izaten dela, eta gidatzea asko baldintzatzen duela. Izan ere, gidariak egin behar duen ibilbidean zehar simulagailuaren gurpilek presioa galtzen dute, eta aldaketak sumatzen dira. Bolantearen biratze bortitz bat nahikoa da autoaren kontrola galtzeko.

Gurpilen garrantzia
Gurpilen pneumatikoak egoera onean izatea ezinbestekoa da. Luis Jaime de la Cal del Rio, kanpainaren arduradunaren esanetan, «kontuan izan behar dugu pneumatikoak direla errepidea ukitzen duten autoaren elementu bakarrak, eta oso garrantzitsua da egoera onean egotea. Marrazki egokia eta kasuan kasuko presioa eduki behar dituzte».
Kanpaina honetan emandako aholkuen arabera, beharrezkoa da gurpilen airearen presioa hilean behin aztertzea, eta batez ere, bidaia luze baten aurretik. «Guk egiten ditugun kanpainetan aztertutako autoen %60ak ez du presio egokia edukitzen», dio Luis Jaime de la Cal del Riok.

Gurpilak presio gutxirekin erabiltzen badira, pneumatikoak ez dira modu erregularrean gastatzen eta azkarrago gastatzen dira gainera. Gehiago berotzen dira eta CO2 isuria ere handiagotu egiten omen da. Gurpilak presio gutxirekin eta marrazki gutxirekin erabilita, erregaiaren kontsumoa ere handiagoa da.
Gainera, istripuak izateko arriskua nabarmen handitzen da, autoaren gurpilak ez badaude ondo. Zerbait gertatu arte, jendea ez omen da hortaz ohartzen, ordea. «Sekula behar duten garrantzia eman ez zaien elementuak dira autoaren gurpilak, baina elementurik garrantzitsuenetarikoak direla ohartzea nahi genuke», dio kanpainaren arduradunak.

Gazteei begira
Simulagailura edonor gerturatu badaiteke ere, unibertsitatean egonik, ikasleak dira gehienak.

Luis Jaime de la Cal del Rioren arabera, «unibertsitatera etorrita, 18-25 urte bitarteko gazte askorengana iristeko aukera daukagu. Kontuan izan behar da adin tarte horretan istripu asko izaten direla. Gainera, gidabaimena atera berriak dira, urte gutxitako esperientzia dute autoarekin, eta normalean mantenimentu eta behar teknikoez ez dira asko arduratzen».

Aste osoan egongo da gidatze simulagailua Gipuzkoako Campusean; oso erakargarria da eta gazte asko gerturatu da, baina, kanpainaren arduradunaren iritziz, «hau ez da jostailu bat eta gidatzea ez da jokoa. Ahalik eta simulagailurik errealena egin dugu, errepidean topa daitezkeen egoerak ezagutzeko eta autoa, eta batez ere gurpilak, egoera onean edukitzeak duen garrantziaz ohartarazteko. Jendea ekidin daitezkeen arriskuez jabetzea lortzen badugu, gure helburua beteko genuke».

Aholkuak
Gurpilen gomak duen marrazkia eta gurpilaren aire-presioa maiz aztertzeaz gain, hainbat aholku praktiko ematen dituzte. Presioa, gurpilak hotzak daudela neurtu behar da, hau da, ez autoa erabili ondoren. Gurpilek presio gehiegi dutela ohartuz gero, ez dira beroak daudela hustu behar. Haize gutxi daukaten gurpilekin irrist egiteko arriskua areagotzen da, eta bat-batean galgatzean autoak ez du erantzuten.
Sentsazio horiek guztiak bizitzeko aukera ematen du gidatze simulagailuak. Modu interaktiboan ikasitako guztia errepidean erabiltzea izango da hurrengo pausoa.

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies