Gidabaimena berritzea: Birus batek eragin dezake gaixotasun zeliakoa garatzea

Gidabaimena berritzea: Birus batek eragin dezake gaixotasun zeliakoa garatzea

Gaixotasun zeliakoak oinarri genetikoa du, baina gene jakin batzuk izateak ez du esan nahi gaixotasuna garatuko denik: geneak dituztenen % 3-4k bakarrik garatzen dute gaixotasuna. Bada, Science aldizkarian argitaratutako ikerketa bate erakutsi du infekzio biriko bat izan daitekeela gaixotasuna garatu arazten duen faktoreetako bat.

Itxuraz asintomatikoa den reobirus bat da, gure heste meharra kalterik eragin gabe infektatzen duena. Baina, azken ikerketa honen arabera, gaixotasun zeliakoa izateko joera genetikoa duten pertsonengan bestelakoa da eragina: elikagaiekiko tolerantzia imnologikoa aldatu egiten du.

Izan ere, gorputzak elikagaien antigenoekiko tolerantzia izaten du, alegia, ez du haiekiko eraso immunologikorik sortzen. Baina gaixotasun zeliakoaren kasuan tolerantzia hori hautsi egiten da eta glutenaren aurrean erantzun immunea eragiten du. Ikerketa berriaren arabera, birusak izan daitezke glutenarekiko tolerantzia immunologiko hori hautsi arazten dutenak: hesteetako mukosako geneen espresioa aldatzen dute eta elikagaien antigenoekiko tolerantzia galtzen da. Ondorioz, zelula immuneak martxan jartzen dira eta hesteetako hantura gertatzen da.

Aurretik bazeuden ebidentzia epidemiologikoak adierazten zutenak harremana izan zitekeela birusen eta gaixotasun zeliakoaren artean, baina orain arte ez da egon harreman horren ebidentzia esperimentalik. Era guztietara, ikerketa saguetan egin dute, hortaz, aztertu beharko da gizakietan eragin bera ote duen.

Ainara Castellanos gaixotasun zeliakoa ikertzen duen EHUko genetikaria da, eta emaitza horien garrantziaz galdetu diogu. Oraingoz, saguekin egindako ikerketa dela azpimarratu nahi izan du. “Badirudi reobirusek zerikusia badutela, baina reobirusaz gain beste faktore batzuk behar dira gaixotasuna garatzeko. Ez da faktore bakarra, azken finean gaixotasun konplexuez ari gara, eta haiei buruzko informazio gehiago behar dugu”.

Ikerketak gaixotasun zeliakoaren aurrean ireki ditzakeen estrategia berriez galdetzean, Ainarak onartu du ikerketa-alor asko ireki ditzakeela: “aukera bat litzateke txerto bat garatzea. Baina profilaxi gisa, ez sendatzeko. Alegia, gaixotasunaren garapena ekiditeko. Adibidez, zeliakoen anai-arrebak diren haurrentzat, arrisku-genetika badute, birusaren infekzioa ekiditeko txerto bat gara liteke, arriskua txikitzeko. Baina ezingo da garatu zelikiaren aurkako txerto bat; hau da, txertoak birusaren aurka egin arren, ez du esan nahi gaixotasuna sendatuko duenik”.

Balizko txerto batek ekar litzakeen onuraz haratago, eta alergia alimentarioak eta gaitz autoimmuneak gero eta ohikoagoak direla kontuan hartuta, ikerketa berriak gaitz-mota horien ikuspegi zabalagoa izateko balioko du.

Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber

Elhuyar Zientzia

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies