Gidabaimena berritzea: Errepidea estuegia denean

Gidabaimena berritzea: Errepidea estuegia denean

Behera egin du autoekin izandako istripuetan hildako txirrindularien kopuruak azken urteotan, baina, oraindik ere, errepidea ez da espazio segurua txirrindularientzat. Legea zorroztu eta aldatu behar litzateke batzuen ustez; jokabidea aldatzea beharrezkoa dela diote beste batzuek.
Errepide berean ibiltzen dira, askotan, txirrindulariak eta auto gidariak. Norberaren eta bestearen eskubideak eta espazioa errespetatu bitartean, ez luke zertan korapilatsua izan bien arteko harremanak, baina ez da beti hala gertatzen. Ondorio gogorrenak txirrindulariek jasaten dituzte. Legeak jasotzen dituen babes neurrietatik harago, txirrindularien eta auto gidarien kontzientziazioan eta elkarrenganako errespetuan egiteko asko dagoela uste dute txirrindulariek.

Hala diote datuek ere. Nafarroan, esaterako, «txirrindularien bide segurtasuna hobetzeko» eratutako lantaldeak bizikletak tartean ziren 169 trafiko istripu zenbatu zituen 2010etik 2016ra. Heriotza kopuruak behera egin zuen, hala ere, urtetik urtera. Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzaren arabera, 2016an Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izandako trafiko istripuen %3an bizikletak zeuden tartean.

Errepidera zenbat eta maizago atera, handiagoa da ezbeharren bat izateko aukera. Arratsaldero entrenatzen bada ere, ez du inoiz halakorik izan, «zorionez», Ziortza Isasik, Lointek taldeko txirrindulari gazteak. Sustoak, baina, egunerokoak ditu. Iluntzean entrenatu ohi da, eta lanetik etxerako bidea egiten duten auto gidariak izan ohi ditu bidelagun. Nekea eta etxera iristeko gogoa haien abiaduran nabaritzen dela uste du. Horrek eragindako beldurra denborarekin «normalizatzea» lortzen dela uste du: «Une oro beldur horretan pentsatzen ariko banintz, irten ere ez nintzateke egingo errepidera». Bat dator Agustin Ruiz, Bizkaiko Txirrindularitza Federakundeko presidentea, eta Euskadiko Txirrindularitza Federazioko presidenteordeak: «Normalean, txirrindulariok badakigu zer dagoen errepidean, eta beldurrik gabe ibiltzen gara. Beldur apur bat beti izaten da, baina kontziente gara zer arrisku hartzen dugun». Egun, lehen baino gutxiagotan hartzen du arrisku hori Ruizek, ez baita lehen adina errepidera ateratzen. Felix Clavijo, berriz, Iruñeko Amaya kirol elkarteko zikloturismo taldeko koordinatzailea da. Asteburuero ateratzen da errepidera, taldearekin antolatzen dituzten irteeretan. Horrez gain, astegunetan ere lagun talde batekin aritu ohi da. «Tentsioa eta estresa» dira hark nabari dituenak zirkulazio handiko errepideetan, baina hain gustuko duen jarduera egitea galarazteko adinako beldurrik ez.

Segurtasuna, baina, baldintza askoren menpe izaten da. Bakarka edo binaka baino gehiago, tropelean joanda lortzen dute txirrindulariek seguruago joatea, besteak beste. Hala, atzean dituzten autoek aurreratzeko joera txikiagoa izaten dute, Ruizen arabera: «Protesta egiten dute, baina aurreratu gabe». Gainera, taldean joateak «indarra eta segurtasuna» ematen dituelakoan dago. Iritzi berekoa da Isasi ere. «Bakarrik joaterakoan, autoek uste izaten dute leku gehiago dutela, baina oso gertutik pasatzen dira asko, metro eta erdiko distantzia minimoa errespetatu gabe». Taldean joatean, txirrindulariak errazago ikusteak eragiten du, gehienbat, haiek seguruago sentitzea, Clavijoren arabera, eta datu bat erabili du argudio gisa: «Txirrindulariak ez ikusteagatik gertatzen dira istripu gehienak».

Jarrerak, agerian

Gidari batzuek txirrindulariekin duten «kontsiderazio faltak» kezkatzen du, batez ere, Clavijo. Jarrerak oso agerian geratzen dira errepidean, haren arabera, eta aurreratzeko moduetan bereizten dira hobekien: «Argi ikusten da nor molestatzen duzun eta nor ez». Ruizek dioenez «tropelean joateagatik edo ezkerretik joateagatik» eta halako jokabideengatik ernegatzen dira gehien auto gidariak. Arrazoia izan ala ez, asko kexatzen dira, sarritan jakin ere egin gabe errepidearen erabiltzaile bakoitzak dituen eskubideak, Ruizek dioenez: «Marra jarraituko errepideetan, esaterako, aurreratu daiteke, segurtasun neurri batzuk hartuz gero, eta jende askok ez du ezagutzen lege hori». Clavijoren arabera, horren berri ez dutenak gidarien erdiak-edo dira. Maniobra horrek txirrindulariei eta zirkulazioari arriskurik ekar ez diezaiekeen kasuetan soilik egin daiteke, Hego Euskal Herriko txirrindulariei eragiten dien Zirkulazio Araudi Orokorrean jasota dagoenez. Txirrindulariak elkarren paraleloan joateari buruz, berriz, araudiak dio horretarako bezala, taldean joateko eskubidea ere badutela, eta ikusgaitasun gutxiko kasuetan edo trafiko pilaketa handiak eragiten dituztenean bakarrik joan beharko dutela ilaran. Ipar Euskal Herriari eragiten dion legedian ez da desberdintasun handirik. Binaka ala ilaran joan behar dute txirrindulariek, baina gauez edo aurreratzea zailtzen den kasuetan, automatikoki ilaran jarri behar dute, atzetik datorren ibilgailuari bidea ez oztopatzeko.

Bidegurutzeetan batzuek eta besteek duten lehentasunaren inguruan ere uste oker asko dago. Araudiak ez du, hala ere, zalantzarako aukera handirik uzten. Bidegurutzeetan debekatuta dago txirrindulariei bidea moztea, beste ibilgailuei bezalaxe. Gainera, txirrindulari talde bateko lehen txirrindulariak bidegurutze batean lehentasuna duenean, haren atzetik doazenek ere hala izango dute, ibilgailu bakar bat balitz bezala hartzen baita, kasu horretan, tropel osoa.

Zigorra ala pedagogia?

Jokabide okerren aurkako sendabidea aurkitzeko garaian, txirrindulariek ez dute leku berean jartzen arreta. Legeak hainbat hutsune dituela uste du Ruizek; nagusiki, zigorrei dagokienez: «Auto gidariei ezartzen zaizkien zigorrak gogortu beharko lirateke. Errepidean txirrindulari bat hiltzea merke ateratzen da». Iritzi berekoa da Clavijo, eta, zigorrak handitzearekin batera, asteburuetan txirrindulari asko izaten diren errepideetan ibilgailu motordunen abiadura murriztearen aldekoa da.

Guztiek aipatzen dute, hala ere, errespetuan oinarritutako jokabideak barneratzeko beharra. «Denok errespetatu behar dugu elkar, bai guk autoak, eta bai autoek gu», dio Isasik. Uste du guztiek erakutsi beharko luketela bata bestearen lekuan jartzeko adinako enpatia. «Normalean, txirrindulariok autoa ere badaukagu, eta badakigu zer-nolako jarrera izaten dugun autoan», dio, ildo berean, Ruizek.

Arazoaren errora jotzean, errepideen egoera ere aipatu dute, hala ere, txirrindulariek. Isasik dioenez, «eremu batzuetan errepideak ondo daude, baina beste batzuetan ez. Bazterbideak zikin egoten dira, eta txirrindulariok errepidetik joan behar izaten dugu». Errepideak egiterakoan txirrindularien iritzia gehiago kontuan hartzeaz ere mintzo dira. Ruizek dio, esaterako, lehentasuna autoen beharretan jarrita albo batera uzten direla txirrindularienak: «Deialdi bat egiten dute, eta bileretara joaten gara, baina, hortik aurrera, gure iritzia ez dute kontuan hartzen. Badakigu Euskal Herrian zer-nolako orografia daukagun, eta ez da erraza errepideak egitea, baina indarrak nora bideratzen diren, hori da kontua». Ikuspegia autoetatik beste ibilgailuetara zabaldu gabe egin dira errepideak, Clavijoren ustez: «Azken 50 urteotan, salbuespen gutxi batzuetan izan ezik, autoetan bakarrik pentsatuz egin dira errepideak».

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies