Gidabaimena berritzea: Hormonak borborka

Gidabaimena berritzea: Hormonak borborka

Lehengo astean nioen, landare asko ugaltzeko sasoian gara. Batzuk errazak dira, hain zuzen ugaltzeko bereziki sortutako zatiak baitituzte: tuberkulua, erraboila, herrestadarra… Hala ere, horietakoren bat ez duen edozein landarerekin saiatzeko ere ez da hauxe sasoi txarrena. Berez ugaltzeko ez badira ere, hostoa edo adarra, esate baterako, landare berri bat sortzeko gaitzat balia ditzakegu.

Ugaltzeko zatiak ez diren horiek aldaxka edo eskeje gisa landu behar dira. Oinarria sinplea da, garun hutsez ulertzen da: aldaxka egiteko hostoa edo adarra landare amari kendu egiten diogu. Kentzeko ebaki edo moztu egiten da. Ebaki horrek zauri bat sortzen eta uzten dio bai amari bai kendutako hosto-adarrari. Zauri horiek itxi egin behar ditu landareak. Zauriak ixteko zelula berriak sortu behar dira ebakiondoa ondo orbaintzeko. Zelula berriak sortzeko zauriaren inguruan hormonak pilatu behar dira. Zelula berriak sortzeko orduan, landare puskak aldamenean lurra dagoela sumatzen badu, orbaina eratzearekin batera sustraiak emango ditu. Horratx itsatsitako aldaxka edo eskejea. Errotutakoan, kimu berria luzatzen hasiko da: ondo etorri, landare berria. Betiere amaren berdina; berdin-berdina. Amaren klona, haren zati batetik sortua baita.

Aldaxkatik landare berria sortze hori errazago egiten dute gazteek. Hazi eta hazi ari direnez, hormona aukera dute, borborka. Landarearen indarrak pilatzen diren punttako adarrak eta hostoak dira egokienak.

Ugaltzeko era hori ia edozein landarerekin erabil dezakegu, neguaren amaieratik hasi eta udaren amaiera arte. Adarrak erabiltzea ohikoa egiten bazaigu ere, hostoak antzatzea bitxia da gehienontzat. Aise asko egiten da ba! Etxe barruko landare ugariren hostotik landare berriak sortzea erraza da: Begonia rex, etxeberriak (Echeverria sp.), sansebierak (Sansevieria sp.), gloxinia Brasildarra (Sinningia speciosa), peperomiak (Peperomia sp.) eta abar. Landare amari hostoak kendu. Handiak badira zatitu, txikiak osorik; lur gainean jarri. Txortenaren edo ebakiaren aldean lur pixka bat eman. Toki epel eta argi batean eduki, plastiko garden batekin estalita. Estalki hori tarteka ireki. Hormonak dituen urez ureztatu. Hori egiteko era hurrengo lezioan…

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies