Gidabaimena berritzea: Nola gidatzen dugu?

Gidabaimena berritzea: Nola gidatzen dugu?

2016. urtean, Euskal Herriko errepideetan 82 pertsona hil dira istripuz. Datu hori iazkoa baino hobea da, % 16 txikiagoa zehazki. 2015. urtean, 98 izan ziren hildakoak, eta 2014. urtean, berriz, 129. Asko dira? Edo gutxi? Europan kopururik onenak Suediak, Holandak eta Ingalaterrak dituzte; hau da, errepideetan, hemen baino hildako eta zauritu gutxiago dituzte.

Hala ere, Euskal Herrian, 2004. urtetik aurrera, etengabeko hobekuntza izan dugu, hildakoen eta zaurituen kopuruek behera egin baitute. 2010. urterako jarri genituen helburuak, 2009. urterako bete genituen. Eta ordutik hobetzen jarraitu dugu, nahiz eta gero eta zailagoa den. Zergatik? Zifra hori, ona izanik, hobetzea zaila delako.

Baina, nola lortu dugu? Gauza txiki askoren eraginez, baina, batez ere, pentsaera aldatu dugulako: lehen istripuak ezbehar bat ziren, inork ez zuen inor hil nahi, baina halabeharrez gertatzen zirela uste genuen. Orain, berriz, arduraduna bilatzen dugu: noren errua izan da? Gizarteak, oro har, pentsamoldea aldatu du, eta badakigu gidatzean kontuz ibili behar dugula, ondokoari min emateko arriskua dagoelako.

RAC 1923. urtean Gipuzkoan sortutako auto klub bat da. Martxan jarri zenean, auto-gidariak sustatzea, babestea eta defendatzea zuen helburu. Gaur egun, hainbat zerbitzu eskaintzen ditu: segurua, asistentzia (autoei edo pertsonei), abokatuak… Nafarroako eta Euskadiko zuzendariordea Luis Murgia da (Donostia, 1957), eta mugikortasunean ere aditua da. Berarekin elkartu gara Donostiako bulegoan.

EUSKALDUNAK GIDARI ONAK GARA?
Euria ari duenean edo mendiko errepideetan euskaldunok beste askok baino hobeto gidatzen dugu. Zergatik? Ohituta gaudelako. Andaluzian, ordea, ez du hainbeste euri egiten eta haiei arrotza zaie euritan gidatzea. “Alemaniarrek, berriz, elurretan guk baino hobeto gidatzen dute”, azaldu digu Murgiak.

Autoei dagokienez, askotan, herri txikietan edo baserrietan 4×4 ibilgailuak erabiltzen dituzte, baina bestela ez dugu auto jakin bat erosten: “Egia da, krisiarekin, auto zaharrak mantendu ditugula, eta horrek segurtasunarekin du zerikusia: auto berriek istripua izan baino lehen eta istripuaren ostean babesten gaituzte eta, gainera, gutxiago kutsatzen dute”.

Gidatzea eskubide bat da, baina, aldi berean, ardura bat ere bai. Batzuetan, autoa hartu bezain azkar, helmugara iritsi nahi dugu. “Bidaiako tartea denbora galdua dela pentsatzen dugu. Atera baino lehen iritsi egin nahi dugu. Hiri barruan, semaforoak eta auto-ilarak egoten dira, haurrak eskolara eraman behar ditugu, mandatuak egin, presaka…”. Balantzaren beste aldean, bidaia luze bat legoke, mendiko errepide edo autopista batean, lagunekin, bazkaltzera goazenean, eguraldi onarekin eta paisaia polit bat ikusiz. Muturreko bi egoera dira, baina bietan adi egon behar dugu, ardura gurea baita.

MITOAK
Beti esan izan da emakumeek okerrago gidatzen dutela… Baina hori egia da? Luisek argi eta garbi erantzun digu: “Hori mito bat da; gezurra da. Emakumezkoek, proportzioan, gizonezkoek baino istripu gutxiago dituzte”.

Eta zer maniobra gustatzen zaigu gutxien? “Errotondak gorrotatzen ditugu. Askok ez dakite errotonda barruan nola jokatu”, azaldu digu.

Euskaldunoi ez zaizkigu errotondak gustatzen.

Eta okerren Asian edo Afrikan gidatzen dutela ere entzun izan dugu. Une honetan, istripu-kopuru handiena Indian eta Txinan dago. “Duela gutxira arte ez zuten ia autorik, eta, orain, garapen ekonomikoari esker, ia denek dute autoa. Istripuen igoeran eragin du horrek. Hala ere, denborarekin egonkortuko dela uste dut”. Arauen araberakoa da okerrenak izendatze hori. Suitzan, adibidez, zebrabide bat semaforoaren argi gorria piztuta dagoenean pasatzea oso larria da, eta hemen, berriz, ohikoa. “Guretzat, egiptoarren gidatzeko modua kaotikoa da, eta gu baino okerragoak dira. Suitzarrei horixe pasatzen zaie gurekin. Azkenean, herrialde bakoitzeko kultura eta arauak dira, ohiturak, jartzen dituzten zigorrak, gizartearen mentalitatea ere bai”.

ZERK ERAGITEN DITU ISTRIPUAK?

Hainbat arrazoi egoten dira istripu bat sortzeko edo eragiteko, eta herrialde bakoitzaren egoera desberdina da: “Suediak zifra onak ditu, baina istripuak sortzeko arrazoi nagusia alkohola da. Frantzian, berriz, abiadura da arazoa”.

Istripuen arrazoiak aldatu egiten dira herri batetik bestera

 

Euskal Herrian, istripuak abiadura desegokian eta arretarik gabe joategatik sortzen dira: whatsappean idatzi edo irakurtzen dugulako, erretzen goazelako, disko bat jarri nahi dugulako, haurrari begira goazelako… “Lehen istripu gehienak gazteek izaten zituzten goizeko ordu txikitan, parrandatik bueltan, baina hori aldatzea lortu dugu; jende gazteak mezu hori barneratu zuen”.

Eta zuk? Gidatzen zoazenean horrelakorik egiten duzu? Ondo gidatzen duzula uste duzu? Mitoren bat ezagutzen duzu? Egia dira?

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies