Gidakarneta berritzea: EJN: elikadura etsai bihurtzen denean

Gidakarneta berritzea: EJN: elikadura etsai bihurtzen denean

2007. urtean, zirrara eragin zuen Isabelle Caro frantziar modeloak egindako iragarki batek; emakume horrek anorexia zuen 13 urtetatik, eta izugarri argal ageri zen irudi haietan, edertasun eredu artifizial batera asko ohitua zegoen jendeari ezinegona eragiteraino. Zirrara eta ezinegon haiek berritu egin ziren handik hiru urtera, Isabelle Caro hil egin zela jakin zenean.

Anorexia eta bulimia ez dira gaixotasun ezezagunak. Hamarkada batzuk badira horien eragina sumatzen hasi ginela, eta gaur egun ere oso hedatuta daude tamalez; gainera, gero eta jende gazteagoari eragiten diote. Elikadura, izan ere, elikatzeko beharrizanak asetzen dizkigun bitarteko hori, arazo ere bihur daiteke atzean jokabide patologiko bat dagoenean.

Vicente Jose Turon Gil mediku psikiatrak eta Laia Turon Viñas pediatrak eskuliburu bat atera dute gai horren inguruan, Elikadura arloko Jokabide Nahasmenduei buruzko eskuliburua izenekoa (AEETCA Elikadura arloko Jokabide Nahasmenduak Ikertzeko Espainiako Elkarteak argitaratua da), eta hor azaltzen dutenez, “elikadura funtsezkoa da bilakaera psikologikoan” eta “janariarekiko sentipen erosoen eta deserosoen arteko harremanak bizi osoan irauten du, eta, hortaz, ez da harritzekoa antsietateak, depresioak edo poztasunak eragin erabakigarria izatea elikatzeko prozesuetan”.

EROSKI CONSUMERek leku bat eskaini nahi izan die elikadurari lotuta dauden patologia horiei, jakin egin nahi baitu zenbateko prebalentzia duten Estatuan eta zer-nolako lekua hartzen duten Interneten. Izan ere, Elikadura arloko Jokabide Nahasmenduei buruzko Praktika Klinikoen Gida Praktikoak nabarmentzen duen bezala (nahasmendu horiei lotuta dauden profesional batzuek landu zuten 2009an, eta Espainiako Osasun Sistema Nazionalak argitaratu), “EJNek garrantzi soziosanitario handia hartu dute, larriak direlako, konplexuak eta zaila delako diagnostiko bat egitea gaitzak hartzen dituen esparru guztientzat, eta zaila delako, halaber, tratamendu espezifiko bat ezartzea”.

Azterlan hori egiteko, hainbat erakundek argitaratu dituzten dokumentuak erabili ditugu esku artean, honako hauek besteak beste: Elikadura arloko Jokabide Nahasmenduak Ikertzeko Espainiako Elkartea (AEETCA), Anorexiaren eta Bulimiaren aurkako Elkartea (ACAB), Buru Osasunaren aldeko Kantabriako Elkartea (ASCASAM), Gurutze Gorria, Interneteko Kalitate Agentzia (IQUA) eta Elikadura arloko Jokabide Nahasmenduetan Espezializatutako Zerbitzua (SETCA).

EJNak

 Anorexiaren eta Bulimiaren aurkako Elkarteak (ACAB) honela definitzen ditu Elikadura arloko Jokabide Nahasmenduak edo EJNak: “Buru nahasmenduak dira, eta jokabide patologikoak eragiten dituzte elikagaiak jateko orduan eta obsesio bat ere bai pisua kontrolatu nahi izateko”. Eta esaten du pertsonen osasun fisikoari kalte egiten dioten gaixotasunak direla, baina baita buru osasunari ere.

Anorexia urduria eta bulimia urduria  dira EJNrik ezagunenak, baina badira beste batzuk ere, eta horiek ere zabaldu dira herritarren artean. ACABek beste hauek ere nabarmentzen ditu: betekaden nahasmendua (modu konpultsiboan jateko joera errepikakorra) eta Elikadura arloko Jokabide Nahasmendu Ez-Espezifikoak (EJNEE). Azken horietan, elikadura arloko jokabideekin lotuta dauden sintomak ageri dira, baina ez dituzte betetzen anorexia urduri gisa edo bulimia urduri gisa izendatzeko irizpide guztiak.

Era berean, ACABek beste batzuk ere aipatzen ditu, adibidez Pica esaten zaiona (elikagarriak ez diren substantziak jatea da, harea edo igeltsua adibidez, eta ohikoagoa izaten da autismoa edo buru atzerapena duten haurretan), hausnartzeagatiko nahasmenduak (elikagaiak etengabe berrahoratzea, hau da, urdailetik ahora etortzea berriz ere murtxikatzeko), eta elikagaiak saihesteko/murrizteko nahasmendua, haurtzaro hasierakoa (elikagaiak baztertzea dakar, eta apetagatik izugarri urruntzea elikadura arloko jokabide normaltzat joko litzatekeen horretatik).

Nahasmendu horiek zer-nolako garrantzia hartu duten ikusteko, oso adierazgarria da 2012. urtean Madrilgo Epidemiologia Zerbitzuak argitaratu zuen ikerlan batek esaten duena (Madrilgo Erkidegoko Epidemiologia Buletina): “Osasun Publikoko arazo handi bat da herrialde aurreratuetan, prebalentzia handia duelako, tratamendu espezializatua behar duelako, kroniko bihurtzeko joera duelako eta larria delako”.

– See more at: http://revista.consumer.es/web/eu/20170201/actualidad/tema_de_portada/78735.php#sthash.iODvMAZ4.dpuf

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies