Psikoteknikoa: Minbizia ez da soilik loteria kontua

Psikoteknikoa: Minbizia ez da soilik loteria kontua

Zoriak uste baino garrantzi gehiago izan dezake minbiziaren sorreran, asteon argitaratutako ikerketa baten arabera. Halere, adituek azpimarratu dute prebentzioa funtsezkoa dela gaixotasunari aurre egiteko.
Orri zuri baten aurrean jartzen direnek bi erronka izan ohi dituzte. Idatzitakoa interesgarria izan dadin saiatu eta, ahal bada, testuan akatsik ez izatea. Horretarako, inguru egokian egotea komeni da. Halere, akatsak sartzea erraza da: ergatibo bat faltan, aditz dantzari bat edo zorigaiztoko mugagabe horietako bat. Akatsak, nonbait, tematiak dira. Ingurua ez bada egokia, ohi baino akats gehiago sartuko dira testuan eta horrek testu txukun bat pikutara bidal dezake. Testua kendu eta bizitza jarri: horrelakoxea omen da minbiziaren arazoa.

Arkaitz Carracedo ikertzaileari zor dio irakurleak arazoa ulertzeko metafora hori. Hura bezala, milaka ikertzaile borrokan ari dira, munduan zehar, akats horiek ulertu nahian, minbizia iraganeko amesgaiztoa izan dadin lortu ahal izateko. Ostiral honetan jakin denez, baina, borroka hori are konplikatuagoa izan daiteke. Science aldizkarian plazaratu den azken ikerketa erraldoiaren arabera, zelulen banaketan izaten diren mutazioek eragiten dituzte hiru minbizitatik bi. Hitz xumeetan esanda, txiripak abiatzen ditu minbizi gehienak.

Cristian Tomasetti eta Bert Vogelstein egileek duela bi urte inguru proposatu zuten ideia hori, aurrenekoz. Orain, askoz ere datu gehiagorekin, berriro ere mahaiaren gainean jarri dute hipotesia. Lehen aldiz proposatu zutenean, hipotesiak hautsak harrotu zituen. Ana Zubiaga EHUko Genetika katedradunak gertutik jarraitu zuen tirabira. «Oroitzen naiz iritzi artikulu asko atera zirela horren harira, baita zientzia artikulu ugari ere. Orduan askok esan zuten matematikoki gauzak ez zirela ondo egin, eta datu horien inguruan bestelako interpretazioak proposatu zituzten».

Eboluzioaren oinarrian

Zergatik horrenbesteko zalaparta, ordea? Zubiagak arazoaren nondik norakoak azaldu ditu. «Urte askotan epidemiologoek esan dute ingurumenak eragin handia duela minbiziaren sorreran: elikadura ezegokiak edo erretzeak, adibidez. Egile horiek zioten, aitzitik, ingurumenaren garrantzia kontuan hartu behar dela, baina gehienbat berez sortzen diren mutazioak direla minbizia sortzen dutenak. Finean, hasierako artikulu horrekin geratzen zen sentsazioa zen prebentzio metodoek ez zutela ezertarako balio».

2015ean argitaratutako lanean Ameriketako Estatu Batuetako gaixoek izandako minbiziak baino ez zituzten aztertu. Horrek kritika ugari ekarri zizkien egileei, nolabaiteko alborapen geografiko bat ere izan zitekeelako. Oraingoan, ordea, 69 herrialdetan izandako kasuak aztertu dituzte.Gakoa, beraz, zelulen bikoizketan omen dago. «Zelula amak bikoizten direnean, sortzen diren bi zeluletatik batak jarraitzen du zelula ama izaten. Bigarrena, berriz, ugaritzen da, gero ehuna hornitzeko edo zelulak berriztatzeko, esaterako. Uste da bikoizketa prozesu horretan izaten direla bikoizketa akatsak, eta, beraz, mutazio gehienak». Berez sortzen diren mutazio horiek normalak direla azpimarratu du adituak. «Ezin ditugu ekidin. Mutazioak dira eboluzioaren oinarria. Denok, berdin-berdinak izango bagina, orduan hautespen naturalaren aurrean ez genuke abantailarik edo desabantailarik izango. Eboluzionatu ahal izateko aukera edukitzeagatik eman behar dugun pagua da beraz».

Arkaitz Carracedo CIC Bioguneko ikertzaileak azpimarratu duenez, ingurumenak ere zatiketa horietan eragina du. «Jasotzen ditugun mutazioak akatsen ondorio dira, baina ingurumenak edo bizi-ohiturek prozesu hori indartzen dute. Adibidez, tabakoak gure zelulen zatiketan akatsak sartzen ditu. Horrela, akats horiek izateko probabilitatea handitzen da». Ikuskera berriak dakartza azterlanak, haren ustetan: «Ikerketa honetan argi ikusten da minbizi mota ezberdinek arrisku faktore ezberdinak dituztela. Minbizi bakoitza mutazioetan izandako akatsen ondorioa da, baina minbizia ez da gaixotasun bakar bat, ehun baino gehiago baizik».

Carracedok adinaren garrantzia azpimarratu du. «Erlazio estua aurkitu dute minbizia eta zelula amen zatiketaren artean, eta hori adinari lotuta dago. Zenbat eta gehiago bizi, orduan eta gehiago zatituko dira zelulak gorputzeko ehunak berritu ahal izateko, eta, alde horretatik, akats gehiago eragin ditzakete».

Zoria premiazkoa izan ala ez, mundu osoan arazoari aurre egiten saiatzen ari dira. Ana Zubiagaren lantaldean, esaterako, minbiziaren oinarrizko mekanismoak aztertzen ari dira.

Bereziki zelulen ugaritzea arautzen duen proteina talde bat dute jomugan. «Erretinoblastoma/E2F izena dute proteina horiek. Arazoa da, testuinguruaren arabera, onkogenikoak ala antionkogenikoak izan daitezkeela. Zenbait laborategitan proteina horien aurka inhibitzaileak bilatzen ari dira, baina guk hori zein kasutan egin behar den zehaztu nahi dugu, horrela, hartu beharreko bidea modu askoz ere finagoan erabaki ahal izateko».

Prebentzioa, oinarri

Carracedoren taldean, bestetik, ondo ulertu nahi dute zer gertatzen den zelula normal bat minbizi zelula bihurtzen denean. Bide horretatik heldu nahi diote arazoari. «Minbizi zelula bat ingurune zailean dago beti; inguruneak ez dio bidea erraztuko. Gorputza saiatuko da zelula hortik kentzen, eta zelula babeste sistemak garatzen saiatuko da. Horrek ahuleziak ekarriko dizkio zelulari, eta ahulezia horiei probetxua atera nahi diegu».

Facebooken garaian aise zabaltzen diren titulu soiletatik harago, beraz, adituengana jotzea da hoberena. Eta aditu biak irmotasunez mintzo dira: prebentzioa premiazkoa da. Zubiagak laburbildu du zergatia. «Prebentzioa egin daiteke, eta ez soilik txiriparik kanpo dagoen heren horretan. Mutazio bakar bat ez da nahikoa minbiziak sortzeko, mutazio bat baino gehiago behar da, eta ingurumenak hori erraztu dezake».

Beraz, eta neurri batean minbizia zorigaiztoko loteria saltzaile petral horren eskuetan badago ere, norberak erabaki behar du egokitu zaion dezimoarekin nahikoa duen ala begien aurretik pasatzen diren loteria billete guztiak eskuratu nahi ote dituen.

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies