Psikoteknikoak: Auto-ilarak

Psikoteknikoak: Auto-ilarak
Auto-ilara madarikatua! Eta, hain justu, presaz gabiltzanean. Edo agian horregatik, beti presaz gabiltzalako. Kotxea gehiegitan hartzen dugulako, edo Euskal Herria merkantzia garraioan puntu estrategikoa izanik kamioi gehiegi dabilelako, istripu asko daudelako edo azpiegiturak nahikoak ez direlako. Errudunak bilatzen saiatu arren, gure ohiturak aldatu ezean, autoan sartuta, ez aurrera ez atzera, zain egotera kondenatuta gaude. Mugikorretik berandu iritsiko garela abisatzen dugu edo ilarako bizkorrena bazterbidetik beste guztiak aurreratzen nola saiatzen den ikusten dugu, bitartean denbora, dirua eta, batzuen jarrera ikusita behintzat, osasun mentala ere galduz.
Auto ilarak garestiak dira. Garestiak ingurumenarentzat, ibilgailuen CO2 emisioengatik. Garestiak, erregaia xahutzen delako. Baina bereziki garestiak denbora galtzen delako, lan orduak, eta beraz, dirua. Azken hau da auto-ilaren fakturan pisu gehien duen kontzeptua. Eta faktura ez da nolanahikoa: Espainiako Estatuan urtero BPGren %2 galtzen da auto-ilaratan edo, beste modu batera esanda, 15.000 milioi euro. Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzaren arabera, EAEn sortzen diren atasko nagusiak puntualak dira, ez daude egunerokotasunari lotuak. Oporretako irteera eta itzulera operazioetan eman ohi dira edo istripuen ondorioz. Astekari honen Lasarte-Oriako egoitza ez da txarra horren adibideak topatzeko, N-1 errepidea aldamenetik pasatzen baita. Joan den apirilaren 25ean, inguru honetan lan egiten dutenen artean gutxi izan ziren lantokira garaiz iritsi zirenak. Goizean goiz kamioi batek istripua izan zuen N-1a Andoaindik pasatzen den zatian, Gasteizeko norabidean. Karga guztia irauli eta zaila izan zen errepidea berriro garbi uztea. 6 orduko ilarak eragin zituen istripu honek. Azken asteei erreparatuz gero, irailaren 26ko lehen orduetan beste kamioi batek istripua izan zuen Irungo mugara iritsi baino lehen. Errepidea azulejoz betea utzi zuen istripuak eta goizeko 09:00etarako ilara dagoeneko Lasartera iritsia zen ia. Handik egun gutxira, hilaren 30ean berriro ere Gasteizeko norabidean pilatu ziren autoak, Aieteko tunelean lau autok istripua izan ondoren. Eta azkenik, N-1aren zati beretsuan eta norabide berean, urriaren 3an, ataskoa beranduago sortu zen, eguerdi aldera. Berriro ere istripu batek eragin zuen.
Kamioiek al dute errua?
Aipatutako adibide gehienetan kamioiak daude tartean. Gainera, lau istripuetatik hiru astelehenean gertatu ziren, hots, Irungo muga berriro kamioientzat zabaltzen den egunean. N-1ean kamioien fluxua bereziki altua da. Trafiko Zuzendaritzak Aldundien datuetan oinarrituta emandako kopuruetan ikusten da hori. 2003an Etxegarateko portutik pasa ziren ibilgailu guztien artean û16.098 eguneroû, erdia kamioiak izan ziren. Egia da, merkantzien garraioan gune garrantzitsua osatzen dutela hainbat errepidek, baina kontuan hartu behar da hori ez dela guztietan gertatzen. Esaterako, A-8an, Bilboko Gurutzetako sarreratik 129.888 ibilgailu pasatzen dira; horietatik gehienak -117.938- ibilgailu arinak dira eta kamioiak ez dira 12.000ra iristen. Eta Etxegaraten kamioien portzentajea %50era iristen bada ere, N-1 osoan batez bestekoa %20koa da. Gainera ibilgailu gehien arratsaldeko 19:00etatik 20:00etara biltzen dira errepide honetan eta kamioien maiztasun handieneko ordua, aldiz, eguerdiko 12:00etan da. Duela urtebete eskainitako elkarrizketan, Javier Zuriarrain, Gipuzkoako Bide Azpiegituretako diputatuak esan zuen, auto-ilara batzuk Ertzaintzaren kudeaketa kaxkarragatik sor zitezkeela, baina gehienak istripuen eraginez eta, bereziki, kamioien eraginez sortzen zirela. Zuriarrainen esanetan, aldundiek ez dute ardurarik auto-ilaratan. Garraioan lan egiten dutenak ez dira iritzi berekoak. Arantxa Arozena Guitranseko idazkari nagusiak dioenez, «instituzioen artean koordinazioa falta da. Koordinazio handiagoa beharko lukete larrialdi egoerak kudeatzeko eta garraiolarien sektorea kontuan hartu beharko lukete protokoloak diseinatzeko orduan». Baina beste arazo bat ere azpimarratu du Arozenak: «Asko dira auto-ilarak eragiten dituzten arrazoiak, baina denen atzean errepideak hobetu eta egungo fluxu eta beharretara egokitzeko behar larria dago. Gure errepide sarea modernizatzeko benetako ahalegina egin behar dute».
Azpiegituren muga
Auto-ilara asko ez da istripuen eraginez sortzen, errepide batzuk saturatuak daudelako baizik -goiko koadroan zehazten dira auto-ilara gehien izan ohi dituzten puntu «beltzak»-. Garraiolariek azpiegitura hobeak eskatzen dituzte saturazioa saihesteko. Baina Eusko Jaurlaritzaren 2002ko Trafikoko Plan Estrategikoak honela dio: «Arazo horiek (mugikortasun arazoak) ez dira konpondu soilik bide-azpiegitura berriak eginda edo egun daudenak zabalduta. Errepidea gero eta gehiago erabiltzen da bai bidaiarien aldetik bai salgaien garraiorako, baina ezinezkoa da, eta, gainera, ez da komeni, azpiegitura berriak sortzea». Ekologisten ustez ere ez da komenigarria eta Donostiako bigarren eraztuna eta Bilboko Hegoaldeko Saihesbidearen bideragarritasuna zalantzan jarri dute. Azken 6 urtetan EAEn 700 milioi euro inbertitu dira errepideak eraikitzen, baina trafikoak ere gora egin du eta bide berriak berehala autoz bete dira.
Ibilgailu partikularrak
Beraz, ataskoak harrapatzen gaituen hurrengo aldian, istripuak, ertzainak, kamioiak, errepideak, erakundeak… madarika ditzakegu. Baina autokritika apur bat egitea ere komeniko litzateke. Errepideak saturatzen dituzten ibilgailuen artean gure autoek gehiengoa osatzen baitute. Gainera auto horietan gehienetan (%75) gidaria bakarrik joaten da; autoen okupazioaren batez bestekoa 1,2 pertsonakoa da. Batetik hiritarrok nahiago dugu garraio pribatua, publikoa baino. Gainera gero eta jende gehiago bizi da hirien periferiatan eta handik mugitu beharrak ere autoen ugalketa ekarri du. Trafikoaren fluxua etengabe gora ari da. A-8aren Gipuzkoako zati gehienetan, adibidez, trafikoa hirukoiztu egin da 1980tik hona. Donostiatik Pasairako zatian hirukoiztu ez ezik, bost aldiz handiagoa da egun. Eta igoera nabarmena izan da bereziki azken hamarkadan. Aieteko tunelean -duela egun batzuk lau autok istripua izan zuten tunel horretan bertan- 60.827 ibilgailu sartzen ziren egunero; 2003an, aldiz, 106.499. 2004. urtean EAEko autopista sarean trafikoak %3,5 egin zuen gora. Eta horrekin batera autopista hauetako peajeen diru sarrerak ere bai: iaz 213 milioi euro bildu zituzten.
Hirietako korapiloan
Ibilgailu fluxurik handiena hirietako sarreretakoa izan ohi da. Baina hor ere alde handia dago hiri batetik bestera. Gasteizen, ibilgailu gehien pasatzen den sarrera N-1ekoa da eta 38.445 ibilgailu jasotzen ditu egunero. Bilbon eta Donostian kopurua askoz ere handiagoa da. Bi hiriotan A-8koak dira maizen erabiltzen diren sarrerak: Bilbon ia 130.000 ibilgailu sartzen dira hortik egunero eta Donostian, berriz, ia 110.000. Hau guztia 2003ko datuen arabera, iaz Donostiako sarrera horrek 120.000ko errekorra hautsi baitzuen. Guztira, beti ere 2003ko datuen arabera, 351.900 ibilgailu sartzen dira egunero Bilbon eta 268.900 Donostian. Behin hiri barrura sartuta gauzak aldatu egiten dira, eta auto gehien jasotzen dituen hiriak ez du zertan trafiko motelagoa izan. Consumer aldizkariak berriki egin duen azterketa baten arabera, Hego Euskal Herriko hirien artean Iruñea da zirkulatzeko egokiena, edo azkarrena behintzat. Nafarroako hiriburuan kilometro bat egin nahi duenak 4 minutu eta 54 segundo beharko ditu batez beste. Bilbon, zertxobait gehiago, 5 minutu eta 24 segundo hain zuzen. Donostian sartzen denak, berriz, 7 minutu eta 2 segundo pasako ditu kilometroa egiten. Hain zuzen, ibilgailu gutxien sartzen den hiriak du trafikorik mantsoena: Gasteizen 7 minutu eta 7 behar dira. Gainera, Consumerren azterketa horrek dio garraiobide guztien artean autobusa dela mantsoena, alde handiarekin gainera -Gasteizeko autobusek ia 11 minutu behar dituzte kilometroa burutzeko-. Beste aitzakia bat autoa hartu eta errepideak saturatzea nahiago dutenentzat.
Borondatez ala behartuta?
Errepideen erabiltzaile partikularren esku ere badago trafikoa eta, beraz, auto-ilaren arazoa murriztea. Erabakia borondatez har daiteke, kotxea partekatuz edo ahalik eta gutxien erabiliz. Edo laguntzarekin bestela: hainbat tokitan oporren eta lan ordutegien flexibilizazioak, trafikoa mailakatzea eta, ondorioz auto-ilara arriskua gutxitzea ekarri du.Baina askotan laguntzak ere ez du emaitzarik lortzen. Joan den irailaren 22an Autorik Gabeko Eguna izan zen Europa osoan. Praktikan, hemen behintzat, autoz betetako beste egun bat izan zen. Hainbat udalek erraztasunak ipini zituzten egun hartan bizikleta edo garraio publikoa hartzeko. Baina betiko ilaratan betiko autoak pilatu ziren. Madrilen, esaterako, karril bat soilik autobusentzat eta pertsona bat baino gehiago daramaten autoentzat zabaldu zuten. Baina neurria ez da beste toki batzuetara zabaldu. Herritarrek beren ohiturak aldatu nahi ez badituzte, beste aukera bat, behartzea da. Besteak beste, Italian txandakako zirkulazio sistema ezarri dute. Egun batzuetan matrikula parea duten autoek zirkula dezakete, besteetan matrikulako zenbakia inparea dutenek. Herritarren artean protesta ugari eragiten du sistema honek, baina zirkulazioan eta kutsaduran emaitzak positiboak dira. Eta bestela, beti izango dugu autoan sartuta, denbora, dirua eta pazientzia galtzeko aukera.

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies