Psikoteknikoak: Beroa eta nekea, gidariaren etsai

Psikoteknikoak: Beroa eta nekea, gidariaren etsai

Arriskutsua izaten da beroarekin gidatzea, gutxitu egiten zaigu-eta arreta eta erreakzionatzeko gaitasuna. Horrexegatik komeni da geldialdiak egitea bi orduz behin eta maiz-maiz hidratatzea bidean goazela

  Beroa ez da lagun ona biderako. Auto barruko eta kanpoko bero sapak ondorio larriak ekar ditzake ordu luzeetan gidatzen joan behar duenarentzat, urritu egiten baititu kontzentrazioa eta arreta. Ez da txantxetako kontua: gure bizitzaz ari gara, eta errepidean dabiltzanen bizitzaz. Beroak, izan ere, neurri batetik gora, gutxitu egiten ditu gure gaitasunak: 30 ºC baino gehiagorekin gidatzeak, esaterako, odolean 0,5 gramo alkohol edukitzeak adina murrizten ditu erreflexuak. Eta hori gutxi balitz bezala, areagotu egoten ditu nekea eta logalea, eta, ondorioz, istripuak gertatzeko arriskua. Espainiako errepideetan, adibidez, heriotza gehien eragiten dituzten faktoreen artean, laugarren lekuan dago akidura edo nekea (errepideen egoera kaskarrak eta baldintza meteorologiko txarrek baino heriotza gehiago eragiten ditu).

Eguzkiak gero eta gehiago berotu ahala, urduritasuna eta oldarkortasuna ere handitu egiten dira. Kalkuluek diotenez, auto barrena berotzen denean, askoz maizago jotzen dute gidariek klaxona semaforoetan edo auto pilaketak gertatzen direnean. Gidariei urtu egiten zaie, nonbait, erantzukizunez jokatzeko jarrera. Espainiako Trafiko Zuzendaritzaren esanetan, 86 milioi joan-etorri izango dira aurtengo udan, eta, segur aski, handitu egingo da kontzentrazio faltak eta nekeak eragingo duten istripu kopurua, beroaren erruz hein handian. EROSKI CONSUMER aldizkarian motorraren eta osasunaren gaia lantzen duen adituek hainbat aholku eta gomendio ematen dituzte, jakin dezagun beroarekin nola jokatu behar dugun errepidean, eta zer egin behar dugun nekea kontrolatzeko.

Nola antzeman nekatuta gaudela?

  Hainbat arrazoirengatik ager liteke nekea edo akidura, baina, nagusiki, honako faktore hauek eragiten dute: beroak, lo faltak, asko jateak eta ordu luzeetako bidean atsedenik ez hartzeak. Nekatuta dagoenak galdu egiten du arreta, eta urritu egiten zaio informazioa prozesatzeko eta distantziak eta abiadura kalkulatzeko gaitasuna. Eta errepidean oztopo bat egongo balitz, dezente denbora gehiago behar izango luke erreakzionatzeko (% 86 gehiago, kalkuluen arabera); horrek, jakina, handitu egiten du istripua izateko arriskua. Zenbaitetan, hainbesteko gogoa izaten dugu helmugara iristeko, ez diogu erreparatzen nekeari, eta sumatzen hasita ere, ez dugu aintzat hartzen, pasatuko delakoan. Baina pasatzeko, neurriak hartu behar dira. Horregatik, beroak eragiten duen nekeari eta logaleari aurre hartzeko modurik onena, berehala antzematen ikastea da, eta irtenbidea ematen jakitea.

Eguzkiak gero eta gehiago berotu ahala, urduritasuna eta oldarkortasuna ere handitu egiten dira

Gidaria jarlekuan etengabe mugitzen hasten bada eta gorputzaren jarrera aldatzen, horrexek adierazten du, lehen-lehenik, atseden premia duela. Besoak eta zangoak lo dituela iruditzen zaio gero, lepoaldean tentsioa sumatzen du, begiak kliska eginez hasiko zaizkio etengabe eta azkura emango diote, belarrietan burrunba entzungo du, aurpegia eta lepoa ukitzeko beharra sentituko du… Keinu horiek guztiak ez dira agertzen besterik gabe; neke zantzu nabarmenak dira. Beste adierazle psikiko batzuetan ere suma liteke nekearen eragina: asperdura, antsietatea edo estutasuna, ezegonkortasuna eta zakartasun edo oldarkortasun handiagoa mugimenduak eta maniobrak egiterakoan. Eta behin agertuta, gidatzen segituz gero, gero eta maizago eta gero eta indar handiagoz erasaten dute.

– See more at: http://revista.consumer.es/web/eu/20100701/salud/75618.php#sthash.SumVLVSA.dpuf

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies