Psikoteknikoak: EJN: Gaitza eta prebalentzia

Psikoteknikoak: EJN: Gaitza eta prebalentzia

Espainiako Estatuan, %4,1aren eta %6,4aren artean dabil nahasmendu horren prebalentzia, eta emakume nerabeei eragiten die nagusiki

 

Buru Osasuneko Plana 2015-2019“dokumentuak dioenez (Kantabriako Gobernuko Osasun eta Gizarte Zerbitzuen Sailak egina da), herrialde aurreratuetan edo garapen bidean daudenetan handitu egin da EJNen prebalentzia.

Zehazki, ASCASAMek esaten du Espainiako Estatuan %4,1 eta %6,4 artekoa dela prebalentzia. Eta gehitzen du, 12 eta 21 urte arteko multzoan, %0,14 eta %0,9 artekoa dela anorexiaren prebalentzia emakumeetan, %0,4 eta %2,9 artekoa bulimiarena, eta %2,7% eta %5,3 artekoa elikadura arloko jokabide nahasmendu ez-espezifikoena (TCANE).

Espainiako Estatuan ikerketa asko egin dira 90eko hamarralditik hona EJNen prebalentzia zenbatekoa den jakiteko. Berrienen artean, bi aipa daitezke.

Alde batetik, Maria Luisa Alvarez-Malé, Inmaculada Bautista eta Lluis Serra adituek 2013. urtean egin zutena, Elikadura arloko jokabide nahasmenduek Kanaria Handiko nerabeetan duten prebalentzia izenekoa; hor esaten dute %4 eta %12 arteko arriskua dagoela EJNak izateko, eta prebalentzia diagnostikoa, berriz, %1 eta %5 artekoa dela.

Bestetik, Rocio Ortiz Moncada doktore andreak ere egin zuen ikerketa bat (Alacanteko Unibertsitatean aritzen da), Elikadura arloko Jokabide Nahasmenduen Epidemiologia, eta hor egindako kalkuluen arabera, anorexiak %0,3 eta %0,9 arteko prebalentzia zuen herritarren artean, bulimiak %0,8 eta %2,9 artekoa, eta gainerako EJN ez-espezifikoek %0,7 eta %2,8-%12,6 artekoa.

Hori guztia kontuan hartuta, Espainiako Osasun Sistema Nazionalaren Buru Osasuneko Estrategia 2009-2013 dokumentuak lehentasunezko jotzen du EJNen eremuan esku hartzea eta autonomia erkidegoei dei egiten die praktika klinikoko gidak ezartzera buru nahasmendurik larrienen eta prebalentzia handikoenen inguruan.

Emakume nerabea

ACAB erakundeak egindako kalkuluen arabera, Elikadura arloko Jokabide Nahasmenduen %90 emakumeetan agertzen dira eta %10 gizonetan. Horixe bera esaten du Espainiako Osasun Sistema Nazionalaren Praktika Klinikoen Gidak ere: “Elikadura arloko arazo horiek pertsona guztiengan ager daitezke, beren egoera sozioekonomikoa eta kulturala edozein dela ere. Ohikoagoak dira emakumeen artean (%90-95), baina azkenaldian hasi dira kasuak agertzen gizonen artean ere”.

Era berean, Praktika Klinikoen Gidak esaten du, EJNak edozein adinetan ager daitezkeen arren, nerabezaroan izaten dela ohikoena, “aldaketa garaia izaten delako bizitzan eta nork bere nortasuna bilatzeko garaia. Azken urteetan, gero eta adin txikiagoetan hasten dira Elikadura arloko Jokabide Nahasmenduak”.

Hain zuzen, Gurutze Gorriak anorexiari eta bulimiari buruz landu duen eskuliburu batean, elikadura arloko nahasmenduak izateko arrisku faktore gisa izendatzen da emakume nerabea izatea. Are gehiago, kalkulatzen dute emakumezko 100 nerabe bakoitzetik batek anorexia urduria duela eta 100etik lauk bulimia urduria.

Argaltasun ideala

 

Turon adituek “argaltasunaren mendea” esaten diote XX.ari, orduan “estereotiko fisiko jakin bat proposatzen baitzen: hodi itxurako gorputz meharra, emakume independenteen, oldarkorren eta handinahiz beteen adierazgarri”. Eta gaur egun, berriz, gorputz gaztea bilatzen da, liraina eta kirolariarena, baina kirolaren eta dieten bidez muturreraino argaldua.

Gainera, bi espezialista horiek zera oroitarazten dute: “Guztiok parte hartzen dugu argaltasun idealean, zeinak nolabait atxikia baitauka edertasuna, dotorezia, ospea, higienea, gaztetasuna, autoestimua, gizarte onespena eta baita dohaina eta perfekzioaren bilaketa ere”. Haien esanetan, “bizi garen gizartean, kaloria gutxiko dieta hartzen da osasungarritzat eta gorputz osasuntsua, berriz, gantzik gabea da”.

Eta ohartarazpen bat ere egiten dute: “Dietekin batean, ariketa fisikoa ere arrisku faktore gisa agertzen ari da elikadura arloko nahasmenduetan. Gure kulturak osasungarria denetik harago estimatzen eta sustatzen du ariketa eta kirola”.

– See more at: http://revista.consumer.es/web/eu/20170201/actualidad/tema_de_portada/78735_2.php#sthash.17KDZtga.dpuf

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies