Globalizazioari esker epidemiak inoiz baino azkarrago hedatu daitezke, baina aireportuetatik igarotzen diren bidaiariek eskuak ondo garbitzen badituzte, gaitz infekziosoen zabalkuntza asko murriztu zitekeela proposatu dute ikertzaileek.
Komun publiko batetik atera berritan bazaude eta, doktoretza tesia egiteko adinean egon daitekeen gazteren bat ikusten baduzu, libreta eskutan, zertan ari zaren kuxkuxeatzen eta gaizki disimulatzen, ez haserretu. Edo, behintzat, ez moskeatu gehiegi. Kontuan izan agian ikertzaile bat izan daitekeela, gizateria salbatu nahian. Ados, bai, agian hau gehiegi esatea da. Gizateria salbatzen lagundu nahian, akaso.
Kuxkuxeroaren helburua zure portaera behatzea izan daiteke. Zertarako, bada? Ba, jakiteko ea, behin heldutasunera iritsita, gurasoek txikitan behin eta berriz gogorarazten zizuten agindu hori benetan jarraitzen ote duzun: “Komunetik ateratzean, arren, ondo garbitu eskuak”.
Ez da soilik arreta erakartzeko kazetariek erabiltzen duten amu txotxolo horietako bat. Era horretako ikerketak egin egiten dira. 2003an, esaterako, halako behaketa baten gaineko emaitzak argitaratu zituzten, mikrobiologiari buruzko kongresu batean. AEBtako aireportuetan egindako ikerketa izan zen. New York, Chicago, San Francisco, Dallas, Miami eta Toronto hirietako aireportuetan 7.541 lagunen portaera aztertu zuten. Eta emaitzek berretsi zutenez, benetako datuak eskuratzeko, galdetzea baino, beharrezkoa da zuzenean begiratzea. Aurreko ikerketetan ikusia zuten jendeari galdetuz gero %95ek esaten zutela baietz, eskuak garbitzen zituztela, baina benetan soilik %67k egiten zuten. 2003ko azterketa horretan, SARS gaitzaren zabalkuntza puri-purian zegoenean, behaketetan eskuratutako datuak hobeak izan ziren: ikusi zuten %78k hori benetan egiten zutela. Sexuaren arabera, emakumezkoak (%83) gizonezkoak (%74) baino txukunago aritu ziren.
Ikerketa horiek aireportuetan egiteak badu arrazoi garrantzitsu bat: nodo baten modura funtzionatzen dute. Bai airelineatarako, pertsonentzako… zein birusetarako ere. Aireportuetan leku askotako lagunak elkartzen dira eta, normala denez, objektu desberdin asko ukitzen dituzte: aulkietako beso-euskarriak, segurtasun-kontroletan objektu pertsonalak uzteko erabiltzen azpilak edota ateetako heldulekuak, esate baterako.
Hori guztia kontuan hartuta, azpiegitura horietan higienea handitzearen garrantzia nabarmendu dute ikerketa berri batean. Massachusettseko Teknologia Institutuko ikertzaileek Risk Analysis aldizkarian proposatu dutenez, munduko hamar aireportutan eskuak garbitzeko tasa handitze soilarekin, gaitz biral baten zabalkuntza asko murriztuko litzateke.
Dena dela, garbiketa horrek egokia izan behar duela azaldu dute. Izan ere, eskuak garbitzen dituztenen artean ere, askok ez dute ondo egiten. Ondo egiteko, gomendatzen da ura eta xaboia erabiltzea, 15-20 segundo inguruz eskuak igurtziz. Halere, askok ura baino ez dute erabiltzen. Germenen propagazioa ekiditeko, gainera, gutxienez ordubetean behin egin behar dela diote. Eta oraingoan aipatu ez badute ere, aurreko ikerketa batek agerian utzi zuen garbitzeaz gain garrantzitsua dela ere eskuak ondo lehortzea.
Hortaz, kalkulatu dute aireportuetan dabiltzan bidaiarien %20k baino ez daramatzatela eskuak ondo garbituta. Bada, munduko aireportu guztienetan kopuru hori hirukoiztuz gero –ondo garbitutako eskuak dituzten bidaiarien kopurua %60ra pasata–, horrek lortuko luke mundu mailan gaitzaren propagazio-maila ia %70 atzeratzea.
Halako neurri bat munduko aireportu guztietan ezartzea zaila litzatekeela aitortuta, kalkulatu dute noraino lagunduko lukeen horrelako garbitze-tasak munduko hamar aireportutan lortzeak. Gaitzen zabalkuntza %37 atzera litekeela ondorioztatu dute. Aireportu horien aukeraketa, gaitz infekziosoaren hasierako agerraldiaren jatorriaren arabera egin beharko litzateke. Wuhango koronabirusaren gorakada baino lehenago egindako ikerketa izan arren, egileek diote azken krisi honetan ere aplikagarri direla ondorioak, kutsagarria den edozein gaitzi dagokiolako.
Epidemiologia ereduetan eta datuetan oinarritutako simulazioak baliatu dituzte ikerketa egiteko. Besteak beste, nazioarteko hegaldien inguruko datuak, aireportuetan izaten diren itxarote-tasak eta pertsonen arteko zein pertsonen eta objektuen arteko elkarrekintzei buruzko balioespenak kontuan hartu dituzte, eta baita historikoki izurriteek izan duten bilakaeraren inguruan aurreko ikerketek esan dutena ere.
Higiene neurriak indartzeko, gaiari buruzko komunikazio kanpainen beharra azpimarratu dute. Egin duten beste kalkulu baten arabera, munduko aireportu guztietan eskuen garbitze-tasa %10 handituz gero, nazioarteko gaitz infekziosoen zabaltzea %24 murriztuko litzateke.
Ikertzaileek identifikatu dituzte munduan gaitzen zabalpenean eragin handiena izan dezaketen 120 aireportuak, eta ikusi dute ez direla izan behar, halabeharrez, trafiko gehien dutenak. Kokapena ere garrantzitsua izan daiteke. Tokio (Japonia) eta Honolulu (AEB) jarri dituzte adibidetzat. Hurrenez hurren, trafikoari dagokionez 46. eta 117. postuetan daude, baina euren kokapena eta bertan izaten diren loturak direla eta, garrantzi nabarmena izan ahal dute nazioarteko gaitz infekziosoen zabalkuntzan.
Erreferentzia bibliografikoa:
Nicolaides, C., Avraam, D., Cueto‐Felgueroso, L., González, M.C. and Juanes, R. (2020). Hand‐Hygiene Mitigation Strategies Against Global Disease Spreading through the Air Transportation Network. Risk Analysis. doi:10.1111/risa.1343
———————————————————————————-
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.