‘Ezohiko gaixotasunak dituzten ikasleak eta eskola inklusiboa’ liburua osatu dute EHUk eta NUPek, beste zortzi unibertsitaterekin batera. Familien iritzia bildu dute azterlanean.
Azaldu dutenez, ikerketak agerian jarri du gurasoek “zailtasunak” dituztela familia eta bizitza soziala uztartzeko. Askok, gainera, alde batera utzi behar izan dute lan ibilbidea, seme-alaben beharrei erantzuteko. Gehienak, emakumeak izan dira, umeen amak. Halaber, familiek esan dute “bakarrik” sentitu direla gaixotasunaren eta eskolan parte hartzeak dakartzan arazoen ondorioz.
Hezkuntzak aparteko kezka eragiten die, sarritan ikasketen akreditazioak baldintzatzen duelako lan egiteko eta gizartean eta herrian integratzeko aukera. Horregatik, eskatu dute bai curriculuma bai ikasketen eskaintza haur bakoitzaren behar berezietara eta aukeretara egokitzeko. Eskolan kidez osatutako giza taldeak sortzea nahi dute, irakaskuntza prozesuan elkarri laguntza eman ahal izateko. Esan dute teknologia berriei esker posible litzatekeela eskolara joan ezin diren umeek bere klaseko lantaldearekin harremanetan jarraitzea, ospitalean edo etxean egon behar badute ere. Profesionalek ez dituztela ulertzen sentitzen dute; horregatik, prestakuntza eskatu dute irakasleentzat, baina baita seme-alaben ikaskideentzat ere. “Hartara, kalseko taldeetan integratuta eskolaratu ahal izango dira, eta elkarri laguntza eta babesa emango diote, berdinen taldeko kide izanez”.
Osasun sistemari dagokionez, familientzako laguntza emozionala eskatu dute. Gainera, diagnostikoak hobetzearen beharraz ohartarazi dute. Gainera, honakoa ere eskatu dute: ikerketako inbertsioak handitzea, burokrazia murriztea, kontsulta medikoak hobeto koordinatzea, tratamenduen jarraipena bermatzea, eta tratamenduok udan ez etetea.
Gaixotasun bat arraroa izateko, mila biztanleko bost kasu baino gutxiago egon behar dira. OME Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, 7.000 gaixotasun arraro daude, eta munduko biztanleen %7ri eragiten diete. FEDERen arabera, halako eritasunen bat dutenen %30a eta euren sendia baztertuta sentitzen dira