Psikoteknikoak: Gerra eta bakea mikrokosmosean

Psikoteknikoak: Gerra eta bakea mikrokosmosean

Bakterioen ezagutzaren inguruan egin diren azken ikerketek infekzioei aurre egiteko bidea erraztuko dute. Gainditzeke dagoen oztopo nagusia, ordea, antibiotikoekiko erresistentzia da: oraingoz, argirik gabeko erronka da.
Herriko plazara ateratzean, inork ez du espero gaizkile batekin topo egitea. Jendea, oro har, baketsua eta esker onekoa da. Sakelakoari begira ez dagoenean, adeitsua ere bada jende gehiena. Noizean behin, baina, gaizkileren batekin topo egiteko arriskua dago. Orduan bai, gauzak okertzen has daitezke. Halakoxea da bakterioen mundua ere. Gehienak lagungarriak dira, eta, sakelakorik ez dutenez, beren zereginetan zintzo-zintzo ari dira. Besteak beste, digestioa egiten, garagardoa prestatzen eta ogia mamitzen laguntzen dute. Are gehiago, duela milioika urte, bakterioen arbasoek gaur bizi ahal izateko ezinbestekoa den oxigenoa «ekoiztu» zuten. Dena esan beharra badago, gaur egun ezagutzen dugun bizitza ahalbidetu zuten, baina, oxigenoaren askatze horren ondorioz, garai hartako organismo gehienak pozoitu ziren. Lynn Margulis biologo ezagunaren hitzetan, ordukoa «oxigenoaren holokaustoa» izan zen.

Halere, bakterioen artean gaizkileak ere badira. Bakterioak ez dira ibiltzen nahita gaiztakerietan, noski. Horren kontzientziarik ez dute. Naturaren legeari jarraituz, eta beste bizidunen kasuan izan ohi den bezala, bizitzea eta birsortzea dira bakterioen helburu nagusiak.Ospitale batean ebakuntza osteko prozesuan daudenentzat, ordea, horiek guztiak hitz politak besterik ez dira. Horientzat, bakterioak kezka iturri dira. Eta arrazoia dute. Horregatik, zientzialariek gertutik jarraitzen dituzte ospitaleetan egon ohi diren bakterioak. EHU Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaile Zaloa Bravok aztertu duen bakterioa, esaterako, bereziki kezkagarria da. Zomorrotxoak Acinetobacter baumannii izena du, eta, normalean, deus onik ekartzen ez duten horietakoa da. «Ospitaleratutako pazienteetan infekzioak eragiten ditu. Horregatik, eta bakterioen ekologiaren ikuspuntutik, A. baumannii honek bizirik irauteko darabiltzan estrategiak aztertu ditugu».

Mikrobiologoa da Bravo, eta bakterioen ekologiaren inguruko tesia landu du azken urteetan. Emaitzak Archives of Microbiology aldizkarian argitaratu ditu. Adituak azaldu duenez, denbora luzean bizirik irauten duen bakterio bat da A. baumannii, hezetasun apala izanda edota jatekorik ez izanda ere lasai asko iraun baitezake. «Horri aurre egiteko ospitaleetan erabiltzen diren produktu desinfektatzaileak aztertu ditugu. Produktu eraginkorrak direla baieztatu dugu, eta bat datozela Europako araudiek esaten dutenarekin», azaldu du mikrobiologoak. Baina, askotan gertatu ohi den moduan, aldea dago laborategian egindako azterketen artean eta benetan gertatzen denaren artean. Izan ere, desinfektatzaileen eraginkortasuna ebaluatzeko probak zelulen hazkuntzan oinarritzen dira, hau da, laborategian egindako kultiboetatik abiatzen dira. «Eta errealitatean ikusi dugu produktu horiek ez dutela lortzen lortu beharko luketen arrakasta», azaldu du Bravok. Beraz, ohiko ebaluazio sistemak ez dira gai bizirik irautea lortzen duten bakterioak atzemateko.

Ikerketa hori ospitaleek erabiltzen dituzten protokoloak hobetzeko baliagarria izango ote den galdetuta, lasaitasun mezua eman du adituak. «Ospitaleetan prebentzio eta kontrol politika argiak dituzte, eta analisiak egiten dituzte desinfekzioa egokia dela ziurtatzeko. Laborategian lortu dugun emaitza hau, noski, erabil liteke kontrol horiekin jarraitzeko, baina ez dut uste beharrezkoa izango denik protokolo horiek berrikustea».

Erresistentzia handia

Medikuei buruhauste ugari eragiten dien beste bakterio bat Escherichia coli ezaguna da, eta «gaizkile» horren atzetik ari dira zientzialari ugari, orpoz orpo. Science aldizkarian borroka horretan aurrerapauso berri bat iragarri dute ostiralean Israelgo hainbat adituk. Bakterioak kaltegarriago egiten dituzten mekanismoak zein diren esan dute ikerketan. «Zelula ostalaria atzematean bakterioek beren portaera egokitzen dute, infekzio kronikoa sortu ahal izateko. Horretarako, bakterioek beren birulentziaren espresioa eta gene metabolikoak aldatzen dituzte», azaldu du Jerusalemgo Unibertsitate Hebrearrean ikertzen duen Ilan Rosenshine mikrobiologoak. Biktima izango den zelula bat atzematean, bakterioak CesT izeneko proteinak txertatzen ditu zelularen barruan, horrela zelula horren kolonizazioa errazagoa izan dadin. Proteinak CsrA izeneko genearen espresioa aldatzea lortzen duela ikusi dute ikertzaileek, eta, gene hori aldatuta, errazagoa omen da zelulari eraso egitea.

Funtsean, zelulari hacking bat egitea bezalakoa al da, orduan? Zientzialariak metafora horri ñabardura bat ezarri dio. «Hacking-a ez, baizik zelulei egindako hacking maila kontrolatzea ahalbidetzen dien atzemate mekanismoa da aurkitu duguna. Horrela lortzen dute bakterioek hacking hori maila baxuan mantentzea. Bestela, bakterioek hacking gehiegi egingo balute, sistema immunitarioak bakterio erasotzaileak berehala atzemango lituzke». Adituak espero du bakterioek egiten dutena hobeto ulertzea lagungarri izango dela «infekzioari aurre egiteko estrategia berriak garatzeko».

Mikrobiologoek bakterioen inguruan egindako aurrerapen horiek itxaropenerako bidea ireki dute. Esaterako, Science aldizkariaren zenbaki berean, bakterioek bitan zatitzeko eta birsortzeko erabiltzen duten mekanismoa argitu dute. Baina ezagutzan aurrera egin ahala, eremu ilunak daude oraindik mikrokosmosaren munduan. Adituak gehien kezkatzen dituen arazoetako bat da hainbat bakterio indartsu bilakatzen ari direla antibiotikoen aurrean.

Azken kasu ezaguna aipatzearren, urtarrilean jakin zen AEBetan eskura dauden 26 antibiotiko mota guztiekiko erresistentzia garatutako Klebsiella pneumoniae izeneko bakterioak 70 urteko emakume baten heriotza eragin zuela Nevadan.

Egoera, okerrera

Berez korapilatsua den egoera hau gehiago okertzeko, 2015ean kolistinaren aurrean bakterioak gaindiezinak bilakatzen dituen mcr-1 izeneko genea topatu zen Txinan hazitako txerrietan. Kolistina infekzio erresistenteen aurka besterik ezean erabiltzen den antibiotikoa da, neurotoxikoa baita. Adituen artean alarma piztu zen, baina, zorionez, genea ez zegoen bakterioetan. Baina, asteartean Los Angeles konderriko (AEB) osasun agintariek zabaldu zutenez, lehen aldiz kolistinari erresistentea zaion E. coli bakterioa topatu da hildako paziente batengan.

Bestalde, urtarrilean The Lancet Infectious Diseases aldizkarian argitaratutako bi ikerketaren arabera, Txinan mcr-1 geneak hedadura handia izan du hainbat bakterio motatan, baita aurretik karbapenem motako antibiotikoekiko erresistentzia duten zenbait bakteriotan ere. Horrenbestez, karbapenemaren eta kolistinaren aurreko erresistentziak konbinatuko diren beldur dira ikertzaileak. Behin baino gehiagotan salatu izan denez, kolistina barra-barra erabiltzen da Txinako abeltegi industrialetan. Hala ere, orain arte kolistina ez da Txinako herritarrengan erabili, baina laster herrialdeko ospitaleetan antibiotiko hori gizakiak sendatzeko erabiltzen hasiko dira, eta, ondorioz, bakterioen erresistentzia handituko den susmoa dago. OME Osasunaren Mundu Erakundeak ohartarazi duenez, guztiz premiazkoa da botiken inguruan medikuek agindutakoari kasu egitea eta antibiotikoak erabiltzeko ohiturak aldatzea. Erakundearen aburuz, botika berriak garatu arren antibiotikoak tentuz erabiltzen ez badira, mehatxua hor izango da. Pneumonia, tuberkulosia, gonokozia eta septizemia dira, bereziki, kezka handiena sortzen duten infekzioak.

OMEren iragarpen ilunak

Arlo honetan, beraz, ez dirudi geroa itxaropena pizteko modukoa denik. 2016ko urrian OMEk zabaldutako ohar batean, adibidez, paisaia ilun hau marraztu zen: «Premiazko neurriak hartzen ez badira, antibiotikoen ondorengo aroa biziko da munduan. Horrela, ohikoak diren infekzioak zein lesio txikiak heriotza eragiteko modukoak bihur daitezke». Zaloa Bravok aztertutako Acinetobacter baumannii bakterioak ere antibiotikoekiko erresistentzia handia du. «Gero eta zailagoa da hura hiltzea», aitortu du. Bravoren ustez, kezkatzeko moduko arazoa da erresistentzia, eta, ondorioz, premiazkotzat du gaiaren inguruko kontzientziazioa handitzea.

Gai honetan dagoen kezka horrenbestekoa ote den galdetuta, Ilan Rosenshinek ere argi hitz egin du. «Arazo erreala da, eta mundu mailakoa. Gertuen duzun ospitalera joatea eta bertan galdetzea besterik ez duzu. Estrategia berriak garatu behar ditugu eraginkorrak diren antibiotiko berriak topatzeko».

Aipatu diren bakterioez gain, badira kezkatzeko moduko beste bakterio ugari ere. Herriko plazan ordu txikietan horiekin topatzea ez da batere komenigarria: Neisseria gonorrhoeae, Staphylococcus aureus eta Klebsiella pneumoniae dira horietako batzuk. Haien izenak irakurtzea besterik ez dago: ez dute deus onik iragartzen. Bizirik iraun baino ez dute nahi, baina bidean topatzen duten guztia zapalduko dute.

Berria

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies