Psikoteknikoak: Heriotza duina

Psikoteknikoak: Heriotza duina

 

  • Kataluniako Parlamentuak 2017ko uztailean onartu zuen eutanasiaren despenalizazio proposamena, 1984az geroztik eutanasiaren eta heriotza duinaren alde lanean ari den Dret a Morir Dignament (DMD) elkartearen lanari esker. 2016az geroztik Isabel Alonso da elkarteko presidentea.

Esklerosi anizkoitzaren azken fasean zegoen eta aspalditik eutanasia eskatzen zuen María José Carrascori hiltzen laguntzeagatik, honen senarra atxilotu zuen Espainiako Estatuak apirila hasieran. Zer deritzozu?

Ezer baino lehen, nire esker ona agertu nahi diet María José eta Angeli, euren kasua publiko egitea erabaki izanagatik. Izan ere, jakin badakigu halako kasu gehiago daudela, intimitate-eskubidea bermatzeko isilpean geratzen direnak. Era berean, isilpean mantentzen den arazo honi ikusgarritasuna eman eta gogoeta bizirik mantentzeari begira, kasuak publiko egiteak asko lagundu izan du historikoki.

Eutanasiaren aldeko borroka zure amaren heriotzaren ondotik hasi zenuen. Zertan aldatu da zure harremana heriotzarekin?

Guztiz aldatu da. Lehen ez nintzen gai heriotzaz hitz egiteko. Orain ordea, nire bizitzaren zati handi bat heriotzaren inguruan mugitzen da. Garapen horretaz konturatzen naiz, elkartetik kanpo jendearekin gaia gardenki jorratzen dudalako.

Jendartean heriotza tabua al da oraindik?

Noski, jendeak errazago hitz egiten du gaixotasunez heriotzaz baino. Bitxia da, eufemismoak erabiltzen dira oraindik. Ezinbestekoa da tabua haustea. Gure elkartean, adibidez, espreski erabiltzen dugu heriotza hitza. Baina informazio eske etortzen den jende askori kosta egiten zaio heriotzaz gardenki hitz egitea. Eta hori, gauzak aldatu direla kontuan hartuta: Metroscopiak 2017ko otsailean egin zuen inkesta baten arabera, 35 urtetik beherako gazteen %90a heriotza duinaren alde zegoen.

Zenbateraino da Aurretiazko Borondateen Dokumentua (ABD) urrats garrantzitsua, eutanasia legeztatu bitartean?

Zalantzarik gabe, aipatzen dugun tabu hori hautsi eta heriotzaren eztabaida naturaltasunez garatzeko ezinbestekoa izan da ABDa. Dokumentu honen bitartez, norbanakoek idatzita utzi ditzakete gaixotasun batek euren erabakia zein den zehaztea ekidinez gero jaso nahiko lituzketen interbentzio eta tratamenduen argibideak. Hala ere, esan beharra dago urrats garrantzitsua izan den arren, desinformazioa oraindik ere nagusi dela zoritxarrez, eta jende gutxik egiten duela. Katalunia da dokumentu gehien aurkeztu dituen autonomia erkidegoa.

Lehen aipatzen zenuenez, biztanleen gehiengoa heriotza duinaren alde dagoen arren, eutanasia oraindik ilegala da. Nola da posible?

Hark esaten zuen bezala, elizarekin topo egin dugulako… hierarkia katolikoaren presioak oztopatu du gure borroka. Tira, abortuarekin edo sexu berekoen ezkontzen eztabaidekin historikoki gertatu izan den bezala. Gaur egun biztanleriaren gehiengoa eutanasiaren alde dago, baina The Economist-ek 2015ean egin zuen ikerketa batek agerian uzten zuen moduan, Frantzia eta Espainia dira herritarren iritzia eta legea elkarrengandik urrutien dituzten herrialdeak. Espainiako kasua eskandaluzkoa da.

Argazkia: Jordi Borràs

Zein dira eutanasia ez legeztatzearen ondorioak?

Aldarrikatzen dugun legeak, batetik sufrikarioa eta klandestinitatea ekidingo lituzke. Bestetik, askatasunean ere irabaziko genuke. Izan ere, gaur egun heriotza duina aldarrikatzen duten familia askok klandestinitatean burutzen dute eutanasia, horrek dituen ondorioekin. Eta ez hori bakarrik, suizidio biolento asko ere saihestuko lirateke eutanasia legezkoa izango balitz.

DMDk 35 urte betetzen ditu aurten. Zein irakurketa egiten duzue elkartearen ibilbidearen inguruan?

Elkartea hiru helbururekin jaio zen: lehena, aurretiazko borondateen agiria egitea; bigarrena, eutanasia legeztatzea; eta azkena, bizitzarekin amaitzeko askatasunaren aldeko babesa Espainian areagotzea. Gauzak horrela, gaur egun baieztatu dezakegu hiru helburuetatik bi ase ditugula dagoeneko. Garrantzitsuena baino ez zaigu falta.

Espainiako eutanasiaren legearen etorkizuna hurrengo legealdian dago orain. Baikorrak zarete?

Eutanasiaren legea onartzeko ezinbestekoa izango da eskubide honen alde dauden alderdi politikoen garaipena. Baikorrak gara, 2018an Espainiako parlamentarismoaren historian lehen aldiz tramitera onartu zirelako eutanasiaren bi lege proposamen: Kataluniako Parlamentuarena eta PSOErena. Beraz, oso gertu egon gara, botoek zenbatzen zutelako. Baina PP eta Ciudadanosek lege guztiak blokeatu dituzte…

Amaitu baino lehen, zein dira zuen erronka nagusiak hemendik aurrera?

Garrantzitsuena: eutanasia legeztatzea. Bitartean, gure erronka izango da Kataluniako 21/2000 legearen eta Espainiako 41/2002 legearen aplikazioa bermatzea, sufrimendua eta gaixoen tratamenduak ekiditeko eskubidea bermatzen dutelako.

Saioa Baleztena @SaioB

2019ko maiatzaren 19a

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies