Psikoteknikoak: Kontsumoa eta esne balioa

Psikoteknikoak: Kontsumoa eta esne balioa

Inkesta egin diegu 800 herritarri baino gehiagori (etxeko erosketaz arduratzen direnak eta esnekiak kontsumitzen dituztenak), jakiteko zer-nolako ohiturak dituzten elikagai mota horren inguruan eta ezagutzen ote dituzten ontzian daramatzaten kalitate eta berme zigiluak: Esnekiak: jendeak hartzen ditu, baina ez daki zer-nolako balioak dituzte

Inkestari erantzun dioten herritarren %91k adierazi dute beren familiako kide guztiek hartzen dutela esnea edo esnekiren bat, baina %65ek ez dakite zer den esnekiek daramaten PLS zigilua, zeinak ziurtatu egiten duen bere nutrizio balio handia, jatorriaren identifikazioa eta balio kate guztiaren iraunkortasuna 

Esneak eta esnekiek leku handia hartzen dute inkestari erantzun diotenen etxeetan. Hain zuzen, etxe horietako gehien-gehienetan (%91) kide guztiek hartzen dute esnea edo esnekiren bat.

Espainiako Estatistika Institutuak (INE) emandako datuen arabera, 2016an etxe bakoitzak, batez beste, 65 litro esne oso hartu zituen eta 104 litro erdigaingabetu eta gaingabetu. Jogurtak eta esne hartzituak 42 litro hartu zituzten, 16 kilo gazta eta gaztanbera, eta esnearekin egindako beste produktu batzuk, berriz, 18 kilora iritsi ziren (esne gaina, natillak, arroz esnea, irabiakiak, izozkiak, eta abar).

Produktu mota bakoitza zer-nolako maiztasunarekin hartzen duten galdetuta, erantzun duten herritarren %52k adierazi dute esnea egunean behin baino gehiagotan hartzen dutela, eta beste %38k esan dute egunean behin. Gainerakoek, %10ek alegia, astean behin bakarrik hartzen dute esnea, edo maiztasun handixeagoarekin, astean 2-6 aldiz.

Beste esnekietan (gazta, jogurtak eta antzekoak), maiztasuna jaitsi egiten da apur bat. Erantzun dutenen %43k esan dute astean zenbaitetan hartzen dutela elikagai mota hori, eta %35ek astean behin baino ez. Bostetik batek, berriz, adierazi du astean behin edo astean 2-6 aldiz hartzen dituela esnekiak.

Elikagai horiek, izan ere, nutrizio arloko ezaugarri bikainak dituzte, osasunerako ezinbestekoak direnak bizitzako aldi guztietan. Esneak, adibidez, ugari ematen ditu kalitate handiko proteinak, kaltzioa, A eta D bitamina lipodisolbagarriak eta B multzoko bitaminak. Esnekiak, berriz (jogurta, irabiakia, mamia, izozkia, kefirra edo gazta), erraz jan eta digeritzeko moduko elikagaiak dira. Biak ere elikagai bereziki garrantzitsuak dira hazkunde eta garapen sasoian (haurtzaroa eta nerabezaroa) eta egoera fisiologiko jakinetan (hardunaldia eta edoskitzealdia).

Nutrizio Komunitarioko Elkarteak (SENC) eta Familiako eta Komunitateko Medikuntzako Espainiako Elkarteak (semFYC) diotenez, haurrek bi-hiru errazio esneki hartu behar lituzkete egunean (200 ml-koa bakoitza); helduek bi eta lau errazio artean (250 ml-koa bakoitza); eta adineko pertsonek hiru errazio egunean (horiek ere 250 ml-koa bakoitza). Hori bai, esnea hartzeak ez du esan nahi alboratu egin behar ditugunik landare jatorriko elikagai gutxi prozesatuak, adibidez fruta freskoak, barazkiak, fruitu lehorrak edo lekaleak.

Esne produktuen balioa

Herritarrek, oro har, oso estimu handitan dute esnea. Familia Aurrekontuei buruzko Inkestan ageri denez (INEk egina da), 2016. urtean etxe bakoitzak, batez beste, 52 euro gastatu zuen esne osoa erosteko, eta 79 euro gaingabetua erosteko.

EROSKI CONSUMERen inkestan parte hartu duten herritarren %60k esnearen nutrizio balioa nabarmentzen dute nagusiki, eta %21ek zaporea. Beste %9k jatorriari ematen diote garrantzia, %5ek azken prezioari eta beste hainbestek ekoizpen moduari.

Antzera gertatzen da esnekiekin. Herritarren %52k nutrizio balioa aipatu dute dohain nagusi gisa, eta %34k zaporea (esnearena baino gehiagok nabarmendu dute). Gainerako faktoreak funtsezkotzat dituztenak %4 dira atal guztietan: ekoizteko modua, jatorria eta azken prezioa.

Ildo horretan, parte-hartzaileek nota jarri diote faktore horietako bakoitzari, eta esnea hautatzeko eta erosteko garaian zenbateko garrantzia ematen dieten adierazi dute. Batetik bosterako eskalan (1ak garrantzi gutxi esan nahi du eta 5ak garrantzi handia), zaporeak eta nutrizio balioak 4ko nota atera dute batez beste; jatorriak 3,5ekoa; eta ekoizpen moduak eta azken prezioak 3,3koa. Esnekietan ere emaitza berberak izan dira.

PLS zigilua

2013. urtean, MAPAMAk lankidetza hitzarmen bat sinatu zuen esnearen arloko industriekin eta banaketa enpresekin, denek elkarrekin egiteko Espainiako esne sektorearen alde eta funtzionamendu eraginkor eta iraunkorra lortzeko esnearen eta esnekien balio kateetan. Era horretan, kontsumitzaileen ikuspegia aldarazi nahi zen, ohar zitezen esnekiak nutrizio balio eta kalitate handiko produktuak direla; horretaz gain, sektorearen iraunkortasuna ere bermatu nahi zen epe luzera.

Beste zenbait neurrirekin batean, PLS zigilua sortu zuten (“Productos Lácteos Sostenibles” edo Esne Produktu Iraunkorrak), eta horren bidez helarazi nahi zaizkio kontsumitzaileari jatorriaren, iraunkortasunaren eta gardentasunaren kontzeptuak. Alde batetik, esnearen industriak konpromisoa hartu zuen PLS logotipoa zuten ontzietan adierazi egingo zuela esnearen jatorria zein zen (Espainiako zela, alegia). Elikadura arloko banaketa enpresek, bestetik, zenbait ekintza gauzatuko zituzten kontsumitzaileen artean ikuspegi hobea hedatzeko esnearen inguruan, ohar zitezen nutrizio balio eta kalitate handikoak direla. Eta, azkenik, MAPAMAk konpromisoa hartu zuen “Esne Produktu Iraunkorrak” ezagutarazteko.

Orrialde-zenbaketa

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies