Zaletasun iraunkor hori asko ugaritu da azken 15 urteetan, eta orain beste bat gehitu zaio, iragankorra dena, iraunkorra ere bai, baina ez betierekoa: makillaje iraunkorra esaten zaio, eta bekainak margotzeko erabiltzen da, ezpain ertzak eta baita begien lerroa ere ( eyeliner ), begirada magnetikoa edukitzeko eguneroegunero makillatzen ibili beharrik gabe. Bere izenak besterik pentsaraz badezake ere, irudi horiek ez dira (erabat) iraunkorrak: desagertu egiten dira denborarekin. Gehienak urtebete edo bi urte igaro ondoren.
Makillaje iraunkorrak larruazala ere marrazten du, baina gainazaleko geruza bakarrik (epidermisa). Erabiltzen diren tintek, gainera, eszipienteak izaten dituzte (glizerina, ura…), eta horri esker, organismoak bereganatu egiten ditu. Koloreen osaera ere aldatu egiten da, eta ez dira izaten tatuajeetan bezain biziak, makillajean erabiltzen diren tonuen antzekoagoak baizik.
Oraingoz ez dago zifra ofizialik arlo horren inguruan, ez dakigu Espainiako Estatuan zenbat zentrok eta profesionalek egiten duten makillaje iraunkorra, baina adituek onartzen dute gorantz doan joera bat dela: eta ez emakumeen artean bakarrik, baita gizonetan ere. Begietarako izaten da eskari gehien, bekainak datoz ondotik (bete egiten dituzte, bolumena handitzeko) eta ezpainak gero. Mikropigmentazioko teknika hau aurpegiko makillaje erdi-iraunkor gisa egin da ospetsu, baina orbainak eta erredurak moldatzeko ere erabiltzen da, eta baita areola berreraikitzeko ere bularreko minbizia izan duten emakumeei. Prezioak ere koloretsu samarrak dira, eta ez daude nornahiren esku: 300 eta 500 euro artean dabiltza. Eta errepaso saioak ere behar izaten dira.
SENDATZEKO BALIO DUEN MAKILLAJEA.
Makillaje iraunkorra erabili izan da metodo lehengoratzaile edo konpontzaile gisa, eta ongintzazko izaera eduki du. Espainiako Mikropigmentazio Estetikoaren, Paramedikoaren eta Onkologikoaren Elkarteak #AreolaSolidaria ekimena sortu du, eta titiburua doan berreraiki izan die mastektomia bat jasan duten pertsona guztiei. Eta ez daude bakarrik: Espainia guztiko tatuatzaileak (tatuaje iraunkorrak egiten dituztenak) plataforma batean bildu dira, Tatuaje solidario con el cáncer de mama izenekoan, gaixo dauden emakumeei laguntzeko, horiek ere doan. Baina 2018. urte honetan albiste on bat iritsi da: apirilaz geroztik, osasun publikoak bere gain hartzen dituen tratamenduen barrenean sartzen da. Espainiako ospitale batzuek dagoeneko eskaintzen dute zerbitzu hori, tartean Ramón y Cajal ospitaleak (Madril) eta Torrejongo Unibertsitate Ospitaleak. Eta gehiago izan daitezke luze gabe.
APETA BAT IZATEN JARRAITZEN DU.
Makillaje iraunkorra egiten duen norbaiten eskuetan jarri aurretik arrazoi estetikoek bultzatuta, ongi pentsatzeko gomendioa ematen dute profesionalek, eta ez uzteko bulkadak eraman gaitzan. Pazienteak erabakia hartu eta egiteko pausoa ematen badu, bolada batez bazterrean utziko du ezpainetakoa, baina emaitza atsegin ez bazaio, pigmentuak bost urte ere iraun dezake guztiz desagertu aurretik, eta denbora horretan, pigmentazioari aldatu egin dakioke hasierako kolorea. Espainiako Osasun Ministerioaren gomendioa da egiaztatzea hautatu den klinikak produktu baimenduak erabiltzen dituela, behar bezala betetzen dituela legezko baldintzak, mikropigmentazioa egiteko prestakuntza daukaten profesionalak dituela eta higiene baldintza egokiak darabiltzala. Bestalde, prozedura estetiko guztietan bezala, makillajea egiten duen pertsonaren esku onak zeresan handia du azken emaitzan: oso naturala geldi daiteke edo, aitzitik, nabarmen artifiziala. Arriskuak oso txikiak dira, baina makillaje iraunkorrean ziztada txikiak egiten dituzte orratz batekin larruazalean, eta gerta daiteke gorputzeko gune hori hanpatzea eta zarakarraren gisako gogortasun bat agertzea. Hori dela eta, profesionalek behin eta berriro azpimarratzen dute: makillatzaile esperientziaduna bilatu behar da, dokumentazioa eskatu eta gutxieneko higiene baldintza batzuk bete ditzatela ere bai.
Aditua: María Dolores Pérez, mikropigmentazio Estetikoaren, Paramedikoaren eta Onkologikoaren Elkarteko presidentea (AMEPO): “Makillaje iraunkorreko profesional eta zentro askok osasun baimenik gabe dihardu”
Espainiako Mikropigmentazio Estetikoaren, Paramedikoaren eta Onkologikoaren Elkarteko presidentea da Maria Dolores Perez (Amepo) eta badu pozik egoteko arrazoi bat: apirilaz geroztik, makillaje iraunkorra -edo mikropigmentazioa – osasun publikoak ordaintzen du bularreko minbizia duten emakumeei areola eta titiburua berreraikitzeko denean. Bi urteko borroka izan da, #AreolaSolidaria ekimenarekin abian jarri zuena, politikarien, gaixoen eta profesionalen laguntzaz. “Ekintza horrek hobetu egiten du paziente horien bizi kalitatea eta berriz ere osorik sentiarazten ditu”, adierazi du Bartzelonako erizain honek, zeinak Kevin bere bitxon maltarra zainduz ematen duen libre gelditzen zaion denbora. Baina makillaje iraunkorrak beste iraultza bati ekin dio eguneroko bizimoduan: bekainak margotzen dizkie milaka herritarri, betileak markatzen eta ezpainak koloreztatzen, bai emakumeei eta bai gizonei, eta agintzen die urte batzuetarako ahaztu ditzaketela begietako arkatzak eta ezpainetakoak.
Zenbat erabilera ditu makillaje iraunkorrak?
Mikropigmentazioa ere esaten zaio teknika horri, eta zera da funtsean: kolore pigmentu bat sartzea larruazaleko lehen geruzaren azpian (epidermisa). Horren helburua, berez, aurpegiko ezaugarriak zuzentzea edo edertzea da, adibidez ezpainak, bekainak edo betazalak. Baina gorputzeko beste leku batzuetan ere erabiltzen da. Adibidez, despigmentazioak agerrarazitako orban zuriak koloreztatzeko (bitiligoak), orbainak ezkutatzeko eta istripuek, kolpeek eta erredurek utzitako ondorioak ere bai, orbanak estaltzeko, bularreko minbizia duten emakumeei areolak berreraikitzeko edo ile gutxiko guneak zuzentzeko buruko larruazalean. Tatuaje artistikoak ez bezala, makillaje iraunkorra larruazaleko lehen geruzaren gainean egiten da, eta, hortaz, erdi-iraunkorra da. Kolorea desagertuz joan ohi da eta berriz egin behar izaten da bi edo hiru urtetik behin.
Gorputzeko zein gune dira ohikoenak Espainian?
Bekainen lerroa, non ilez ile berritxuratzen den ilerik ez dagoenean edo oso finak, motzak edo bakanak direnean. Bekainen kanpoaldeko gunea goratzea ere lortzen du (lifting), zeinak ireki egiten duen begia eta adierazkortasuna ematen dion. Askok eska- tzen du, halaber, betazalak makillatzea betileak betetzeko, eyeliner lerroa marrazteko, begi eroriak optikoki zuzentzeko edo beheko betazalaren betile lerroa indartzeko, zeinak itxura ketua ematen dion begiari.
Eta ezpainak?
Ezpainak ere bai. Halakoetan, makillaje iraunkorrak aldatu egiten du irudia, kolorea nabarmendu (ezpainetakoak bezala) edo optikoki bolumena handitzeko egiten da. Eta bada gehiago ere: oreztak marrazteko edo masailean orin leunak egiteko ere erabiltzen da.
Gizonek ere eskatzen al dute makillaje iraunkorra?
Jakina. Gizonetan, betileak trinkotzeko makillajea eskatzen da gehien. Ezpainei tonu biziagoa ematea ere ohikoa izaten da.
Zer moduz zahartzen dira tratamendu horiek?
Pigmentuak desagertu egiten dira denborarekin, hondatu egiten dira eta tonuak argitu. Hori dela eta, aldian behin berriz margotu behar izaten da, urte eta erdi edo bi urtetik behin.
Eta ez da merke-merkea izango…
Prezioak aldatu egiten dira, baina bekainak edo begiak makillatzea 250 eta 350 euro artean kostatzen da, eta ezpainak, 400 eta 500 euro artean. Areola koloreztatzea 400 eta 500 euro artean kostatzen da klinika pribatu batean. Gainerako aurrekontuetarako, ikusi egin beharko da zenbatekoa den tratatu beharreko gorputz eremua.
Urtero bularreko minbiziaren 20.000 kasu berri antzematen dira. Ia 6.000 emakumeri masektomia egiten diete. Teknika honek hobetu egin al dezake emakume horien bizimodua?
Estetikoki tatuaje bat bezalakoa da. Bularreko pigmentazioarekin, masektomia bat egin dieten emakumeei berriro marraztu dakieke areola eta titiburua.
Eta orain, gainera, behar dutenek ospitale publikoetan eska dezakete, duela gutxi hasi baitira eskaintzen.
Zorionez, osasun publikoan ere errazagoak izango dira gauzak. 2015. urtean legez besteko proposamen bat aurkeztu genuen Espainiako Diputatuen Kongresuan Alderdi Sozialistarekin, Gobernuak osasun publikoaren barrenean sar zezan tratamendu hori. Eta azkenean, apiril honetan, onartu egin dute proposamena eta sartu egin dute Espainiako ospitale publikoek bularra berreraikitzeko egingo duten prozesuaren zati gisa.
Nola laguntzen die tratamendu horrek fisikoki eta psikologikoki emakumeei?
Mugarria izaten da gaixotasunean, hobetu egiten baitie bizi kalitatea. Areola berriz ikusten dutenean, hunkitu egiten dira guztiak, eta berriz ere osorik sentitzen dira.
Itzul gaitezen arlo estetiko hutsera. Eta jar dezagun kasu bat, adibidez begien lerroa margotu nahi duen norbaitena. Nola jakingo du seguru eta babestuta dagoela zerbait gaizki ateratzen bada?
Pertsonak baimen bat sinatu behar izaten du, Espainiako Osasun Ministerioak lantzen duena, eta horrekin onespena ematen du tatuajea egin diezaioten. Makillatzaileak kopia sinatu bat emango dio tratamenduaren datu guztiekin: tintaren sorta zenbakia, kolorea eta iraungitze-data. Eta, gainera, jarraibide batzuk ere eman behar dira gorputzeko atal hori zaintzeko. Dokumentu horiek frogagiri gisa balioko dute, eta garrantzitsuak izango dira erreklamazioak egiteko edo erantzukizunak bilatu eta eskatzeko zerbait ongi atera ezean.
Eta zer gertatzen da arazo bat dagoenean?
Kasu guztiak desberdinak dira, baina baimena duen profesional orok erantzukizun zibileko aseguru bat kontratatu beharra du erantzun ahal izateko edo, hala denean, dagokion erantzukizuna bere gain hartzeko.
Aski arautua al dago makillaje iraunkorraren arloa?
Badakigu gero eta joera gehiago dagoela, baina Espainian ez dago erregistrorik makillaje iraunkorra egiten duten pertsonak biltzen dituenik. Zentro kopurua zenbatekoa den ere ez dakigu: erkidegoek ematen dituzte baimenak, eta batzuek osasun baimenik gabe lan egiten dute. Horretaz gain, arautu egin behar litzateke zer-nolako formazioa behar den makillatzaile iraunkor gisa jarduteko. Ezinezkoa da esatea Espainian zenbat profesional ari diren makillaje iraunkorrean, batzuk ez baitaude behar bezala izena emanda. Intrusismo handia dago arlo honetan.
Eta zer behar da makillatzaile iraunkor gisa lege barrenean jarduteko Espainian?
Legez, osasun arloko higiene teknikariaren titulua behar da, edo horren baliokidea den beste bat, adibidez medikuntzako lizentzia, erizaintzako diploma edo goi mailako gradua estetikan edo klinikako laguntzaile moduan.
Egoera horren aurrean: zer-nolako aholkuak emango zenituzke profesionala aukeratzeko?
Oinarrizkoa da egiaztatzea profesionalak eta zentroak badituztela legezko baimen guztiak, bai osasun baimena eta bai titulazioa ere. Garrantzitsua da Osasun Sailak egiaztatu duen zentro batera joatea beti. Zeregin horretan laguntzeko, udaletxeek eskura izaten dute inguruko zentro homologatuen zerrenda. Eta, jakina, profesionalak aurretik egin izan dituen lanak ikustea ere komeni da, zer-nolako esperientzia eta trebezia duen jakiteko.
Zifrak larruazalean
- 2 urte irauten du, batez beste, makillaje iraunkorrak.
- 2 eta 3 aste arteko epea behar izaten du desagertzeko makillaje iraunkor batek eragindako hantura akutu batek (ez da ohikoa izaten).
- %80 dira makillaje iraunkorreko tinten artean Europan eginak; gainerakoak AEBetatik eta Asiatik datoz.
- 5 saio behar dira makillaje iraunkorra kentzeko Q-switched laserrarekin (intentsitate handiko argi pultsioa).
- 300-500