Toki altuetan dagoen oxigeno-urritasuna da leku altu horietan bizitzeko edo ibili ahal izateko dagoen arazoa edo oztopoa, gora goazen heinean oxigeno-gertutasuna jaitsi egiten delako. Oxigeno-urritasuna diogunean, hala ere, ez gara kontzentrazioaz ari, bai hemen, itsaso ondoan, eta bai Everesteko puntan % 21 baita oxigeno-kontzentrazioa airean. Goialde horietan aire gutxiago dago, horra koska; bolumen bera betetzen du dagoen aireak, baina aire gutxiago dago, ez baitago itsas mailan bezain konprimitua. Gertaera horren berri ematen digun adierazlea presioa da, atmosferaren presioa. Itsas mailan 101,325 kPa-eko (=760 mmHg-ko) presioa dago, baina altuerarekin jaitsi egiten da eta, esaterako, 5.000 metrotan 53,3 kPa-eraino (400 mmHg-raino) jaisten da. Ikuspuntu praktiko batetik, esan genezake 5.000 metrotan erdira jaisten dela dagoen airea eta, noski, dagoen oxigenoa ere.
Kontu horrek berebiziko garrantzia du arnasa hartzeko orduan, ingurumenetik odolerako oxigenoaren mugimendua oxigeno-presioaren menpekoa baita. Itsas mailan, oxigeno-presioa 21,3 kPa-koa (160 mmHg-koa) da; hau da, atmosfera-presioaren % 21 gutxi gorabehera. Baina igotzerakoan, oxigeno-presioa atmosfera osoarenaren neurri berean jaisten da. Hori dela eta, 11,2 kPa-koa (84 mmHg-koa) da oxigeno-presioa 5.000 m-tan, oso balio baxua animalia gehienen odolera iragan ahal izateko, gizakiak barne.
Bada, mendigoizale onenak zortzi mila metroko gailurretara iristen dira, nahiz altuera horietan oxigeno gutxiegi egon. Zazpi mila metrotik gora gizabanako arrunt batek ezin du arnasa hartu. Zazpi mila metrotik gora ibiltzea, ibili ahal izate soila, gizaki aukeratu batzuek egin dezaketen ahaleginik handiena da. Ia pentsaezina da zer ote den ibiltzeaz gain gora egitea, eta gora egiteaz gain, bizkarrean zama handia eramatea; irudika ezina da ahalegina. Kirolari apartak dira alpinistak, bai, zortzi mila metrotik gorako gailurretara iritsi diren horiek egiazko mugan baitaude, bizitzaren ertzean. Izan ere, gutxi batzuen pribilegioa da gailur altuenetaraino iristen diren mendigoizaleen indarra, erresistentzia, teknika, inteligentzia eta kemena batera izatea, horiexek baitira oxigeno-urritasunaren ondorioei aurre egiteko behar diren ezaugarriak.