psikoteknikoak: Zarata adina ustekabe

psikoteknikoak: Zarata adina ustekabe

Urtezahar gauean suziriak jaurtitzeko ohitura zabaldu egin da azken urteetan, eta horri lotutako sute kopuruak gora egin du. Erakundeek erne ibiltzeko eskatu dute
Hamabiak jo berri dira, gauerdia da, eta hasi da urte berria. Baita suzirien eztanda ere. Gauaren beltza koloretako irudiek argitu dute, eta han eta hemen botatako etxafuegoen oihartzunak isiltasuna apurtu du. Bihar gauerditik aurrera leku askotan izango dira antzeko egoerak. Eta azken urteetako joerak errepikatzen badira, iaz baino txoko gehiagotan, gainera. Izan ere, gora egin du urte berria hasteko suziriak zerura jaurtitzeko ohiturak. Eta tradizioarekin batera, baita piroteknia produktuen salmentak ere.

Joera hori ikusita, erakundeek argi adierazi dute zer ondorio ekar ditzakeen suziriak oker erabiltzeak. Kalte fisikoei eta materialei, izan ere, sute arriskua gehitu behar zaie. Aurten bereziki, azken asteetako euri falta dela eta. Udal eta aldundiek zenbait ohar kaleratu dituzte herritarrentzat, piroteknia produktuekin tentuz ibiltzeko eskatzeko. Gasteizko Udalak, esaterako, mugatu egingo du urtarrilaren 1ean suziriak jaurtitzeko ordutegia: gauerditik 00:15era bitartean soilik egongo da baimenduta etxafuegoak botatzea. Euskal Herriko beste hainbat udalek ere erne ibiltzeko eskatu dute. Baita elkarte animalistek ere; araudia zorroztea nahi dute, suzirien zaratak oso urduri jartzen baititu hainbat animalia.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, bestalde, argia egiten duten puxikak eta beroaren bidez airera igotzen diren kandelak ez erabiltzeko eskatu du, «behin indarra galtzen dutenean ez baitago jakiterik non eroriko diren». Horrek sute arriskua areagotu egin dezakeela ohartarazi du.

Bihar gauera begira, baina, petardoak eta su festak dira gehien saltzen diren produktuak, Donostiako Astondoa suzirigintza etxekoek azaldu dutenez. Atetik kanporainoko ilarak izan zituzten atzo eta herenegun, eta gaurko eta biharko «oraindik jende gehiago» espero dute.

Bateriak, sumendiak, suziriak eta petardoak saltzen dituzte, batez ere, biharko egunerako. Nestor Alkorta Astondoako arduradunak azaldu duenez, kolorea duten etxafuegoak dira urte amaierara begira estimu handiena duten produktuak: «Gauean zeruan kolorea ikusi nahi izaten dute, eta horren bila etortzen dira bezero asko». Bateriak deitutakoak saltzen dira gehien.

Legez bereizita daude

Tamaina ezberdinetako kaxak dira bateriak, eta barruan zuloz betetako kartoia izaten dute. Zulo bakoitzean, eztanda egiteko bolbora jartzen da, eta zulotik zulora, metxa bat. Metxa horren punta kaxatik kanpora atera eta hari su ematea nahikoa da dozena bat eztanda bat bestearen atzetik entzuteko.

Bateriez gain, baina, nahi adina produktu daude aukeran. Legeak lau klasetan banatzen du suzirien eta antzekoen erabilera: arrisku oso txikikoak —12 urtetik gorakoek erabili ditzakete—, arrisku txikikoak —16 urtetik gorakoentzat—, erdiko arriskukoak —18 urtetik gorakoei bakarrik baimentzen zaie horiek erabiltzea— eta oso arriskutsuak —adituek baino ezin dituzte erabili, aparteko ziurtagiri batekin—. Kortak ere ohartarazi du: «Suzirigintzako produktuak ez dira denbora-pasa, eta arretaz erabili behar dira». Ume asko gurasoekin joaten da Astondoara, eta haiek erosten dituzte gero haurrek erabiliko dituzten produktuak. Kortak konparazioa egin du: «Gurasoei ez zaie bururatzen tabako dendara joan eta haurrari zein marka nahaigo duen galdetzea, gero tabako kaxa hori umeari erosteko. Piroteknia produktuekin, berdin».

Gipuzkoako Salbamendurako eta Suteak Prebenitu eta Itzaltzeko Zerbitzuak emandako datuen arabera, «batez beste 10 eta 15 istriputik gora» gertatu izan ohi dira urtero Urtezahar gauean.

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies