Elikadura eta garunaren osasuna eskutik doazela berretsi du ikertzaile talde batek. Plazaratutako emaitzen arabera, dieta mediterraneoa jarraitzen duten adineko pertsonen garuna ohi baino gutxiago uzkurtzen da.
Zahartzearekin batera garuna txikitzen da eta horrek, noski, funtzio kognitiboetan ere eragiten du. Osasunari lotutako beste gaietan ohikoa denez, bizimoduek eragin handia izan dezakete garunaren osasunean. Eta elikadura izan daiteke, hain justu, bizimodu osasuntsuaren oinarrietako bat. Hala agintzen du senak, baina azken urteotan ideia hori indartzen duten ikerketak pilatzen hasiak dira.
Horietako azkena Neurology aldizkarian plazaratu dute. Oraingoan, dieta mediterraneoa eta garun osasuntsu baten arteko erlazio estua dagoela iradoki dute zientzialariek. Ikerketak sei urte baino gehiago iraun ditu, eta zientzialariek ehunka lagunen bizi ohiturak eta garunen azterketak baliatu dituzte. “Dieta mediterraneoarekiko gertuago egotearen eta garuneko atrofia gutxiago izatearen arteko erlazioa dagoela aurkitu dugu”, diote egileek artikuluan.
Ikerketaren egile nagusiak azalpen gehiago eman ditu. “Zehartzen garen heinean, garuna uzkurtzen da eta ikasketan zein oroimenean eragina izan dezaketen neuronak galtzen ditugu. Ikerketa hau dieta mediterraneoak garunaren osasunean eragin positiboa duela dioten ikerketetara batzen da orain”, esan du Edinburgoko Unibertsitateko psikologo Michelle Lucianok Ameriketako Neurologia Akademiak zabaldutako ohar batean.
Ondo ezagutzen den taldea
Guztira, egileek 843 lagunen elikadura ohituren inguruko informazioa eskuratu zuten. 70 urte inguru zituztenean, parte-hartzaileek elikaduraren inguruko galdetegi bat erantzun zuten. Horri esker, zientzialariek jakin ahal izan zuten zer jaten zuten eta zein maiztasunarekin. Elikaduraren inguruko datuak jakinda, ikertzaileek bi talde ezberdindu zituzten: dieta mediterraneotik gertuagoko elikadura zutenak eta halakorik ez zutenak.
Hiru urte geroago, 73 urte ingururekin, garuneko eskanerra egin zieten 562 laguni. Beste hiru urte pasata, 401 lagun berriro aurkeztu ziren, eta bigarren eskaner bat egin ahal izan zieten. Era horretan, zientzialariek datu zehatz eta fidagarriak izan dituzte eskura. Eskanerretan garunaren datu bolumetrikoak eskuratu ziren baina, horrez gain, parte-hartzaileek ebaluazio kognitiboak finkatzeko erabili ohi diren galdetegiak bete zituzten.
Proba hauek guztiez gain, erabilitako taldea oso ondo ezagutzen dute ikertzaileek. Izan ere kohorte baten partaide dira. Kohorteak ezaugarri zehatzak eta ezagunak dituzten banakoen multzoak dira eta, horregatik, mota askotako ikerketetan erabiltzen dira. Kohorteak maiz agertzen dira medikuntzari loturiko lanetan, batez ere ikerketa epidemiologikoetan.
Zehazki, orain erabili duten kohortea 1936ko “lothian” izenekoa izan da. Guztira, 1.091 lagunek osatzen dute taldea, eta Edinburgoko eskualdean (Eskozia) urte horretan jaioak dira. Gehienek gaitasun mentalak neurtzeko froga egin zuten 11 urte zituztenean (1947ko Eskoziako Inkesta Mentala) eta bizitza osoan zehar beste azterketa askotan parte hartu dute, bai osasunari loturiko neurketetan zein bizimoduei dagozkienetan. Beraz, horien inguruko azterketa kognitiboak egiteko talde aproposa osatzen dute.
Behin datu guztiak eskutan izanda, estatistikaren ordua iritsi da. Ikertzaileek ondorioztatu dutenez, dieta mediterraneoari gertuagoko elikadura ohitura duten pertsonen garunek uzkurtze maila baxuagoa izan dute. Zehazki, talde osoaren batez besteko emaitzekin alderatuz, normala den uzkurduraren erdia izan dute.
Estatistika erabiltzen duen beste edozein ikerketarekin gertatu ohi den moduan, hemen ere zaila da aldagaien arteko loturak zehaztea eta, batez ere, egon daitezkeen alborapenak antzematea. Horregatik, inteligentzia maila ezberdinek edota hezkuntza bezalako aldagaiek emaitzetan eragina ez dutela ziurtatu dute zientzialariek. Adina, diabetesa edo hipertentsioa bezalako aldagaiak ere kontuan hartu dituzte, alborapenak ekidin aldera.
Faktore babesgarriak
Dieta honen osagaiak ezagunak dira: frutak, barazkiak, lekaleak, eta zerealak daude oinarrian. Arrainak eta esnekiak ere, baina, kopuru txikiagoan. Azkenik, hegazti haragiak eta haragi gorriak, hauek are kopuru askoz txikiagoan. Olibo olioa ere funtsezko osagaitzat jotzen da, eta otorduetan neurriz kontsumitutako ardo beltza era sartu ohi da dieta horretan. 2013an UNESCOk Gizateriaren Ondare Immateriala izendatu zuen elikadura mota hau.
Egileek onartu dutenez, dieta horretan garuna zertan laguntzen duen zehazterik ez dute izan. Baina badirudi arrainaren kontsumoa ez dagoela eragin horren atzean. Dieta eta garunaren osasunaren arteko korrelazioa badagoela dirudi beraz, baina atzean egon daitezkeen zio zehatzak, ordea, ez dira ezagutzen. Estatistikari jarraituz, ikertzaileek ondorioztatu dute arrain gehiago eta haragi gutxiago jateak berez ez duela eraginik emaitzetan. Gakoa, beraz, beste nonbaiten egon daiteke. “Baliteke dietaren beste osagarriak egotea harreman honen atzean, ala baliteke osagai guztien konbinaketaren emaitza izatea”, nabarmendu du Lucianok.
Ezaguna denez, oraingo hau ez da elikadura mediterraneoa eta osasun ona lotzen dituen lehen ikerketa. Aurretik ere, lotu izan da hainbat onurarekin. Besteak beste, bihotzekoak eta, oro har, heriotza goiztiarra ekiditeko, eta hipertentsioa zein kolesterola kontrolpean edukitzeko lagungarria omen da. Halere, adituek ohartarazten dutenez, elikaduraz gain, bestelako faktoreak ere kontuan hartu behar dira neuronak txukun mantendu nahi baditugu.
“Gure organismoan dauden beste osagaiek bezala, garunak ere gure bizimoduen eragina izaten du. Garuna osasuntsu mantentzeko lagungarria izan daiteke dieta mediterraneoa, baina ebidentziarik hoberenen arabera, bizimoduari lotutako beste hainbat faktore ere babesgarriak izan daitezke”, dio Jose Ramon Alonso neurozientzialariak Mapping Ignorance blogean. “Ez erretzea, fisikoki eta mentalki aktibo izatea, alkoholik ez edatea –edo neurriz egitea- eta odol presioa eta kolesterol mailak kontrolpean edukitzea”, dira adituak gomendatutako ohiturak.
Erreferentzia bibliografikoa:
Luciano M et alia. (2017) Mediterranean-type diet and brain structural change from 73 to 76 years in a Scottish cohort. Neurology 88(5): 449-455. DOI: 10.1212/ WNL. 0000000000003559.