por Administrador | Dic 21, 2015 | Berriak
Azken urteotan, ikertzaile batek baino gehiagok iradoki du Y kromosoma desagertzeko arriskuan dagoela gure espeziean. Izan ere, kromosoma horren eboluzioa aztertzean, ohartu dira denborarekin geneak galtzen joan dela. Hala, gaur egun, proteinak kodetzen dituzten 78 gene ditu; X kromosomak, aldiz, 800 inguru. Hori ikusita, ez da hain harrigarria guztiz desagertzeko beldur izatea. Alabaina, azken ikerketek erakutsi dute ez dagoela beldurtzeko arrazoirik. Koldo Garcia Etxebarria genetikan doktoreak, adibidez, ez du uste Y kromosoma desagertuko denik, “ez behintzat, aurretik beste kromosoma batek ez baditu hartzen Y kromosomaren geneek dituzten funtzioak”. Hain zuzen, Y kromosomak du arra izateko giltza: SRY genea. “Gene horrek jartzen du martxan enbrioia ar bilakatzeko prozesu osoa. Berez, obarioak garatzea inhibitu eta barrabilen garapena abiarazten du, baina, horrez gain, ar izatearekin zerikusia duten beste ezaugarriak garatzeko prozesuak bultzatzen ditu. Horregatik esaten da giltza dela: hura gabe, enbrioia eme izango da, baita Y kromosoma badu ere”, azaldu du Garciak. Are gehiago: bi X kromosoma dituen pertsona batek fenotipo maskulinoa izan dezake, SRY genearen translokazioa gertatu bada X kromosometako batera. Hori gertatzen zaien pertsonak, baina, antzuak izaten dira, besteak beste, faltan dituztelako espermatozoideak garatzeko geneak, horiek ere Y kromosoman baitaude. Hortaz, ez da hain erraza espezieak Y kromosoma osoa galtzea; horretarako, Y kromosomaren gene guztien funtzioak hartu beharko balituzke beste kromosoma batek. Eta oraingoz ez da halakorik gertatu. Kromosoma berezia Paradoxikoa bada ere, Y kromosomaren arbasoa kromosoma arrunt bat da. Hala berretsi du Garciak, eta nabarmendu du Y kromosoma agertzea zoriari zor zaiola, “horrela gertatzen baitira beti gauzak eboluzioan: zoriz”. Azaldu duenez, “kromosoma autosomiko bati, hau da, kromosoma arrunt bati zoriz egokitu zitzaion sexua bideratzeko ardura zuen genea (SRY...